BILBO. Katea ez da eten. 2005ean Andres Urrutiak hartu zuen haren lekua eta, gutxienez, katea luzatu egin da, eta sendotu. Eta egungo katebegi batzuk orduko hartan jarri ziren, gogor jarri ere, Jean Haritschelhar euskaltzainburu zela. "Jean Haritschelhar euskarari eta euskal kulturari emana bizi izan da urte luzetan. Horretarako leku aparta izan du Eus-kaltzaindian, euskararen Akademian, bertan luze jardun baitu, zeregin eta ahalegin ugarietan. Euskaltzain oso, buruorde eta buru izan dugu luzaz Jean Haritschelhar eta horrek egundoko ikusmira eman dio euskalgintzaren hainbat arlotan", gogoratu du Urrutiak berak.

Akademiaren 90. urtebetetzearen aitzakia hartu eta biak aurrez aurre jarri zituen DEIAk 2009an. Haritschelharrek bere garaia errepasatu zuen Andoni Iturbek eginiko elkarrizketa luzean, eta Urrutiak aurreko zuzendari batzordearen ekarriak gogoratu zituen, bide batez etorkizuneko lorratzak erakusten zituela: "Teknologiek ematen dizkiguten aukerak baliatu egin behar ditugu. Lexikogin-tzan, adibidez, ikuspegi zabala izan behar dugu. Euskal corpus onomastikoak milaka adiera ditu, onomastika eta toponimiari dagokionez. Pertsona batek jakin dezake hitz batek zer nolako bidea egin duen hiztegian sartu aurretik. Ikerketa egiten ari denarentzat ere baliagarria da. Gizarteari zabaldu egin behar diogu gero. Euskaltzaindiaren lana ez da jakitunentzat bakarrik, euskal gizartearentzako eginda dago". Eta bide horretan murgilduta dago Akademia orain. Urrutiak berak sarritan gogoratu duen legez, "aurrekoen ahaleginei egungoak gehituz".

Iparraldea eta Hegoaldea hizpide, honako hau bota zuen orduan Haritschelharrek: "Bakoitzak badaki nongoa den. Andresek badaki bizkaitarra dela, besteak nafarra dela... Bakoitzak bere sorlekua du. Hasi zenean, Euskal-tzaindian hamabi ziren: 9 Hegoaldekoak eta 3 Iparraldekoak. Geroztik jarraitu du horrela, eta goitik behetik Iparraldetik laurdena izan da". Hori bai, argi utzi nahi izan zuen Akademia ez zela "indibidualki lanean ari, multzo batean baizik". Bere iritziko, 90eko hamarkadatik aurrera lana motelago "baina sakonago" egiten hasi ziren. "Hizkuntza bat konplikatua da", gaineratzen zuen, "baina badakigu zer egin behar dugun: lana. Euskaltzaindiak ez du sekula hainbeste lan egin, eta herriak ere badu Euskaltzaindiarekiko begirunea".

Herritarrek eskatzen dutenaz akuilatu zuen kazetariak, eta Haritschelharrek ondorengoa erantzun: "Egun batez talde bat etorri zitzaigun. Defensor del pueblo euskaraz nola esan behar zen jakin nahi zuten. Proposatu nuen Ararteko. Geroztik entzuten duzu el Ararteko".

Euskaltzaindia etenbako aldaketa prozesuan bizi da jaio zenetik, baina azkenengo bi hamarkadetan bizi izan ditu nabarmenenak. Ideia horrekin bat egiten zuen euskaltzainburu ohiak ere: "Espezialistak daude (Akademiaren) batzordeetan, eta garai batean Mitxelena eta ni ginen doktore bakarrak. Gaur egun, Literatura batzordeko hamalau kideok gara doktore. Zenbat aldatu den azken aldian Euskal Herria, ezta?"

1968an Arantzazun izandako ba-tzar erabakiorrei buruz ere hitz egin zuten elkarrizketa hartan. "Beharrezkoa zen", zioen baigorriarrak zalantza izpirik agertu gabe: "Hor Euskaltzaindiak erakutsi zuen geroari buruz zihoala. Frankismo garaia zen, eta pentsatu genuen egun batez Franco hilko zela eta gauzak aldatuko zirela. Ikusten duzu orain benetan zabaldu dela euskara". Besteak beste, Iker sailari izugarrizko bultzada eman zion Haritschelharrek bere garaian, eta beti mantendu zuen elkarrizketarako eta adostasunerako joera.