1988ko abuztua zen Eibarko lau mutiko Ondarruko gaztetxera joan zirenean, han jo nahiko luketela esanez -"datorren astean, festetan, adibidez"-, eta bertakoek baiezkoa erantzun zietenean. Artean ez zuten izenik ere, hura izango baitzen euren lehen kon-tzertua, eta ordura arte ez baitzuten izen baten beharrik ere izan. Aitor Gorosabel, Xabi Bastida, Asier Osoro eta Borxa Arrillaga ziren gazte haiek, korrika eta presaka zerrenda batetik izen egokiena aukeratzen ari zirenak. Bai, Su ta Gar jaioak ziren.
87ko udalekuek ezarri zuten taldearen sorrera momentua, handik bueltan Aitorrek eta Xabik barruan zeramaten jada musikaren harra eta entseatzen hasi ziren. Asier eta Borxarekin elkartuta, berehala osatu zuten laukotea. Urtebete baino gutxiagora iritsi zen euren lehen kontzertuko aukera. "Gogoratzen dut -dio Bastidak- oso urduri geundela kontzertu hartarako, zerbeza bat edaten ere ez ginen ausartzen, gero gaizki jotzearen beldurraz". Baina, kezka ez zen gaizki jotzearena soilik, punkaren garaian heavya baitzekarten eibartarrek, eta euskaraz gainera. "Guretzat gauza naturala izan zen ordea -azaltzen du Gorosabelek-, heavya gustatzen zitzaigun eta euskaraz abestea ateratzen zitzaigun. Orduan denek erdaraz abesten zuten eta lagun batek letra bat pasa zidan, gazteleraz, baina abesten hasi nintzenean ez nuen neure burua hala ikusten. Punkaren garaia zen, bai, eta heavya ez zen asko entzuten, baina agian euskaraz abeste horrek hurbildu gintuen jendearengana hain justu". Eibarren adibidez, punk zale gehienak euskaldunak ziren eta heavy zaleak, oro har, erdaldunak. "Beldur pixka bat ematen zigun hasiera hartan Eibarren jotzea, bertakoak izanda ere, ez baikenekien nola begiratuko gintuen jendeak", dio Bastidak. Ondarrun, ostera, onartua zuten bateragarria zela heavy zalea eta euskalduna, biak izatea. Hara joaten zirenean eroso sentitzen ziren, eta horregatik aukeratu zuten estrainekoa bertan egitea. "Eta asmatu genuen, pasada bat izan zen", diote.
Ikasketak egin bitartean, denbora pasa moduan hartu zuten taldea. "Asteburuetan entseatzen genuen, ilusioz baina inongo pretentsiorik gabe", aipatzen du Gorosabelek. Ikasketak amaitu bitartean musika ez zuten lanbide bezala ikusten. Urte horietan grabatu zituzten Jaiotze basatia (IZ, 1991), Hortzak estuturik (Esan Ozenki, 1992) eta Munstro hilak (Esan Ozenki, 1993). "Hirugarren diskoaren ondoren -dio Xabik-, Aitorrek, Borxak eta neuk batera samar bukatu genituen ikasketak, Asier lanean zen ordurako aitaren tailerrean. Momentu horretan hasi ginen etorkizunean pentsatzen. Hiru disko genituen jada eta kontzertuak ematen ari ginen; baina ordura arte irabazitako dirua taldearentzako materiala erosteko erabili genuen, ez genuen inondik ere soldatarik izan. Garai hartan, beraz, musikatik bizitzen saiatzea erabaki genuen, eta pittinka-pittinka egin genuen soldatatxo bat ateratzeko modua. Aitorrek, Borxak eta neuk ez dugu inoiz beste lanbiderik izan. Taldetik pasa diren gainontzekoek bai, beste gauzetan egiten dute lan".
Hamaika harribitxi Hasieratik gaur egun arte, Su ta Gar-en zigilu edo esentzia musikala agerian egon da beti. Bonbo bikoitza, erritmo eta doinu gogor eta leunen oreka eta bizipenetan eta kritikan oinarritutako hitzak inoiz falta ezinezko elementuak dira taldearen lanetan. Dena den bada eboluzio bat, eta euren musikaren gaineko eraginekin du zerikusia. "Erreferentziak argiago zeuden lehen, orain aldiz ez ditugu hainbeste erabiltzen, ez ditugu erreferentziak mitifika-tzen", Gorosabeli jarraiki. "Orain gure nortasuna gehiago agertzen da, eraginak jada ez dira hain agerikoak", gehitzen du Bastidak.
Kantuen hitzei dagokionez ere bada aldaketa bat hasieratik hona, ez mezuan, baizik eta moduan. "Amorruak hor jarraitzen du -dio Gorosabelek-, nahiz eta adinarekin beharbada galduko genuela uste nuen. Baina egia esan, munduan ez dago arrazoi asko baikor egoteko edo kritiko izateari lagatzeko. Orain, politago idazten saiatzen naiz, baina alde kritikoa eta aldarrikatzailea ez dugu galdu, arrazoi asko dugulako oraindik".
Funtsezko elementuen nahasketa horretatik sortu dira Euskal Herriko musikaren historian leku garrantzitsua betetzen duten hainbat harribitxi. Jaiotze basatia albumeko Jo ta ke, Mari edo Zure atzetik ezinbestekoak, eta gainontzeko estudioko zortzi lanek utzi dituzten Itxaropena, Hitz Margotuak edo Beti aurrera baladak, edo Basajaunaren eremuan, Basamortuetako zalduna, Itsasoz beteriko mugetan edo Norbera bere ametsen jabe indartsuak ere. Ehundik gora dira diskoetan bildutako kantuak, beste hainbeste idatzi bai baina grabatu ez direnak, eta Aitor Gorosabelen buru-bihotz-behatzetatik irtendakoak dira gehienak.
Ilusioa bizirik Hainbeste urte zerbaitetan ari-tzeak ematen duen esperientziak, profesionalki hobeak izatera eraman ditu, dutena gehiago baloratzera. "Garai honetan, autoekoizpenarekin, sare sozialetan egote horrekin eta abar, nekea errazago iristen da, baina horrek berak taldea gehiago baloratzera eramaten zaitu -Gorosabelen aburuz-; lehen taldea bukatzea ez dakit zer izango zen, baina orain askoz gehiago sentituko genuke taldea amaitzea edo amaitu behar izatea, gehiago baloratzen dugulako. Eta ez adinagatik bakarrik, garaiarengatik ere gero eta zailagoa delako taldea aurrera ateratzea, BEZ-a dela, eta krisia dela". Bastidak azaltzen duen moduan, "lanbidea gehiago ezagutzen dugu orain; disko bat egin behar bada, esaterako, Aitorrek badaki lokalera joan eta kantuak egin behar dituela, lehen beharbada beste modu batera egingo zukeenean".
Gaztetako euforia iraunkor horretan ez daudela onartzen dute, baina hori ez da txarra, euforiak gugan ez duelako jada hainbesteko eragina eta orain gauzak modu egonkorrago batean eta lasaiago egiten ditugulako", aitortzen du Bastidak. "Dena den -gaineratzen du-, euforiarik ez edukitzeak ez du esan nahi hemen gaudenik beste ezer ez dugulako, inondik inora ere. Motibazioak eta ilusioak beti topatzen ditugu, disko berri batean, aurkezpen edo kontzertuetan edo DVD batean. Erronka horiekin bizirik mantentzen da ilusioa, maite dugun honetan aritu ahal izatea zorte handia da".
Jarraitzaileak ere funtsezkoak dira ilusio hori mantentzeko: "Horrek berak egiten du, gainera, jarraitzeko bidea -dio abeslariak-; betiko jarraitzaileak hor egoten dira, baina, baita gazte asko ere, zortea eduki dugu belaunaldi berrietara ere iritsi izanarekin. Orain 14 urtetik hasi eta 50 urtetik gora arteko ikusleak ditugu, eta hori Euskal Herrian merkatu bat eduki ahal izateko oso garrantzitsua da", azpimarratzen du.
Taldekideen hainbat aldaketen ostean, Aitor Gorosabelek (ahotsak, gitarra), Xabi Bastidak (gitarra), Galder Arrillagak (bateria) eta Igor Díezek (baxua, koroak) osatzen dute taldea gaur egun. "Apustuak beti luzerako izaten direnez", pentsatu nahi dute gaur egungo laukotean urte luzez arituko direla.
Izandako aldaketei errepasoa emanez, Borxa Arrillagak halabeharrez utzi behar izan zion makilak astintzeari 1995ean izan zuen istripu baten ondorioz; baina gaur egun taldearen webguneaz arduratzen da, besteak beste. Haren ordez sartu zen bere anaia Galder, baina, utzi egin zuen handik bi urtera. Lau urtez (1997-2001) Iban Zugarramurdi baterian aritu ostean, Galder taldera itzuli zen eta danbor eta plateren atzean jarraitzen du gaur egun. Hogei urtez baxua jotzen aritutako Asier Osorok taldea utzi zuen 2008an, familiari denbora gehiago eskaini ahal izateko. Haren ordezkoa bilatu artean, azkenerako bi urtez luzatu zen egonaldia egin zuen Igor Oiarbidek, David Zarzosa taldean sartu bitartean. Baina honek hasi eta berehala utzi zuen. Orduan, duela bi urte inguru, topatu zuten Igor Díez, Kalte taldeko gitarra-jotzailea, eta laukote horretan diraute gaur egun, "sentsazio onarekin eta eroso".