durango. Hotza eta euri langarra lau egunerako. Eguzkia agertuko omen da tarteka, lotsati, mehe. Horrela dio Azokarako eguraldi-iragarpenak. Hori gutxi balitz, krisialdiaren trumoi-zarata etenbakoa jasan behar du edizio berriak; eta, hala ere, Durangoko Azoka indarberrituta dator, gogotsu eta egitasmoz gainezka. "Hiru gune berri zabaldu genituen iaz", esan du Azokako zuzendari Aiert Goenagak, "baina guretzat ez da nahikoa, handitzen eta hobetzen jarraitzeko asmo irmoa baitaukagu". Guztira 300 ekitalditik gora iragarri dira.

Testuinguruak ez dio lagunduko, ez, baina Azokak bizi izan ditu garai txarrak, ez gutxi, eta beti mantendu izan du jarrera positiboa eta borrokarako grina (duen kutsu erreibindikatiboa ahaztu barik). Durangoko zitak korronte beroa dakar urtero euskal kulturara, itxaropena eta argi izpi bat, ondorengo asteetan ere nekez amatatzen dena. Eta hori da lortu nahi dutena Gerediaga Elkartetik, hots, Azokaren harrabotsa luzatu. "Azoka hiri bihurtu nahi dugu, Azoka parte hartzailea eraiki nahi dugu eta kultur arlo guztietara zabaldu. Aurten lehen aldiz koordinazio ba-tzorde bat sortu da euskal eragileen artean. Guztion ekarpenekin birdefinitu ditugu hobekuntzak non bideratu behar diren eta Azokak nondik jo beharduen, hau da, lehentasunak zeintzuk diren", gogorarazi du zuzendari berriak Gerediagaren aldizkari ofizialean. Duela lau urte abian jarritako Plan Estrategikoak ere asko lagun dezake XXI. mendeko Azokaren nondik norakoak markatzeko.

zazpi gune 47. aldi berria ez da kikildu iragarpen ilunen aurrean, eta itxaropen tanta bat dakar euskal kulturgintzara, urtero legez. Aurten, ijitoen komunitatea gonbidatu du Gerediagak, eta beraien kultura eta hizkuntza ezagutzeko aukera izango da lau egunez; euskara eta erromintxela eskutik helduta ikusiko ditugu fabrika itxura duen eraikin berri eta ikusgarrian. Horrez gain, Argizaiola Benito Lertxundiri emango zaio gaur; San Agustin aretoak hartuko du ekitaldia, 20.30etatik aurrera.

Guztira zazpi gune mantenduko ditu aurtengo edizioan. Iaz inauguratutako hirurak mantentzen dira (Kabi@, Irudienea eta Szenatokia), eta horrez gain aspaldiko Areto Nagusia, Saguganbara eta Plateruenak funtzionatuko dute. Baina Azokan leku zirraragarririk badago, Ahotsenea da bat. Bizi-bizia da karpapean arnasten den giroa, goizeko 10.30etatik hasita. Guztira 88 ekitaldi izango dira bertan, musikakoak 52 eta 36 liburuei bu-ruzkoak (ordu erdiro ekitaldi bat). Idazle hauek izango dira Ahotsenearen bosgarren aldian: gaur, Bernardo Atxaga, Eric Dicharry, Ramon Saizarbitoria, Jon Arretxe eta Pako Aristi; bihar, Rikardo Arregi, Xabier Etxeberria, Bertol Arrieta eta Xabier Soubelet; etzi, Joxemari Iturralde, Karmele Jaio, Harkaitz Zubiri eta Hedoi Etxarte; eta igandean Oier Guillan, Asier Sarasola, Ainara Maia, Iñaki Segurola, Urtzi Urkizu eta Peio Jorajuria.

Hori bai, aurten 20 stand gutxiago muntatu dira Landakon, akaso ekoizleen estuasunen seinale. Argitaletxe, diskoetxe eta elkarte ezberdinek atzoko eguna baliatu zuten erakusmahaiak atontzeko. "Inork ez daki nola joango den aurtengo Azoka hau, baina apur bat kezkatuta gaude", zioten Elkar-Zabaltzeneko arduradunek. Xanti Jakak urteak daramatza Durangorako bidea egiten, eta itxaropentsu agertzen den arren, ezin laino beltzak uxatu: "Tira, urtero esaten dugu estu ibiliko garela, urte konplikatua izango dela, baina gero aurrera egiten dugu, modu batean edo bestean. Beraz, euskal liburugintzak badu nahikoa indarrik". Beste horrenbeste adierazten zuen atzo Gero argitaletxeko editore den Mari Eli Ituartek: "Guretzat zoramena izaten da zita hau, baina behar beharrezkoa ere bai, euskal kulturgintzak eskertzen duelako honelako festa, eta bertan egiten diren salmentak ezinbestekoak direlako urteko esfortzu guztiei etekina ateratzeko".

Txalaparta argitaletxeko Mikel Sotok prest zuen erakusmahaia arratsalde erdirako. "Badugu nahikoa material erakusteko, liburu interesgarriak. Falta den gauza bakarra saltzea da", zioen irrikor. Krisiaren eragina nabarmena dela aitortu zuen Sotok: "Egia da nozitzen dela, baina ikusi egin behar Azokan zer gertatzen den. Guk antzerako liburu kopurua argitaratu dugu 2012an".

Lainoak laino, trumoiak trumoi, Azoka izango da euskal produkzioaren indarrak neurtuko dituen termometro nagusia.