BILBO. Bit bat informazio unitate txikiena da, gag bat umorezko unitate txikiena den bezala. Hortaz, umorezko ikuskizun bat bitez beterik dago eta gag parrasta bat igortzen du argiaren abiaduran. Ikuskizun honetan, Tricicleko partaideak "bit bihurtzen dira", eta gisa horretan, saguaren kolpez, esketx, gai, betaurreko eta sexuz aldatzen dira, eta ezagun zaharrak ere berreskuratzen dituzte beren burua omentzeko. Joan Gràcia, Paco Mir eta Carles Sansen arabera, "Bits" ikuskizun digital bat da, gag hirutarrezko kodean.
Triciclek sortua, zuzendua eta ekoiztua, "Bits" maiatzaren 24an estreinatu zen Alacanteko Principal Antzokian, eta orain Arriaga Antzokira iritsiko da, Euskadi mailako estreinaldia izanik. Guztira, Arriaga Antzokian 18 emanaldi izango dira, eta zenbait egunetan prezio murriztuak jarriko ditu. Gainera, Arriaga Antzokiak eta Triciclek hitzartutakoaren ondorioz, ikuskizun honen prezioak mantenduko dira eta publikoak ez du bere gain hartu beharko BEZaren %21erainoko igoera.
Baliteke "Bits" izatea Tricicle zuzenean ikusteko azken aukera, taldeak iragarri baitu hau izan daitekeela "Tricicleren azken sorkuntza-ikuskizuna". 32 urtez antzokiak bete ondoren, taldeak ez du "eszenatokietan betikotu nahi", baina aurretik, lau urteko bira dute "Bits" lanarekin. Hala eta guztiz ere, atea irekita uzten dute; izan ere, haien esanetan, "izan daitekeela esan dugu, seguruenik izan daitekeela esan dugu, zeren eta aski ezaguna baita artistak ez direla inoiz ere erabat erretiratzen".
Joan Gràcia, Carles Sans eta Paco Mirrek Bartzelonako Institut del Teatren ezagutu zuten elkar eta Tricicle sortu zuten 1979an. Ordutik ibilbide luzea egin dute komiko moduan, teknika dramatikoaren oinarri moduan keinu bidezko umorea eta gaga erabiliz, hau da, "umorearen gutxieneko unitatea" -definizioa bera jasota-.
"Bits" Tricicleren zortzigarren ikuskizuna da. Horren aurretik, Joan Gràcia, Paco Mir eta Carles Sansek barre algarak sortu dituzte eszenatokietan obra hauekin: "Manicomic" (1982), "Exit" (1984), "Slastic" (1986), "Terrrific" (1992), "Entretres" (1996), "Tricicle 20" gag bilduma (1999), "Sit" (2002) eta "Garrick"; azken hori arrakasta handiz antzeztu zuten Arriaga Antzokian, 2007ko iraila eta urrian.
Gainera, hirukote katalanak "Spamalot" eta "Forever young" komedia musikalak zuzendu ditu, beste antzerki-koprodukzio batzuez gain. Keinuen bidezko antzerkitik harago, elkarrekin edo banaka, Tricicleko partaideek beste diziplina artistiko askotan ere aritu dira.