Donostia. Txertoa argitaletxeak, 9 eta 12 urte bitarteko neska-mutilentzako sortutako Nor da? bildumaren barne, udazken honetan, historian zer esana izan duten pertsona ezagunen lau biografia argitaratu ditu.
Adin tarte honetako gaztetxoek, Simon Bolivar, Eduardo Chillida, Francisco de Goya eta Willian Shakespeare bezalako artistak ezagutzeko parada dute. "Bada adin tarte bat, ume aroaren eta nerabezaroaren artean, oso arraroa dena. Liburu hauek haurrentzat eginda daude, baina hurrengo pausua ematen laguntzen dute", esan zuen Martin Anso Txertoa argitaletxeko editoreak. Ansoren aburuz, gehiago jakiteko nahia, "barreneko arra", pizten dute biografiok gaztetxo askorengan, edo behintzat hori da argitaletxearen helburua. "Esaten dugu hauek txikientzat idatzitako biografia handiak edo, jada handitzen ari direnentzako biografia txikiak direla", zehaztu zuen editoreak.
Madrilgo Rompecabezas argitaletxeak argitaratutako bilduma batetik hartutako liburuak dira Nor da? bildumakoak. "Baina kuriosoa da", azaltzen du editoreak, "asko idazle euskaldunek eginak baitira". Txertoa argitaletxea arduratu da hauek euskaratzeaz, hezkuntzaren eta aisiaren mundurako material gehiago sortzeko.
biografia bereziak Haurrei zuzendutakoak izaki, biografia hauek ez dira ohikoak, bi zatitan banatuta daukate edukia. Lehenengo zatia ipuin eran idatzia dago, pertsonaien bizitza, fantasia apur batekin kontatuz. Istorio edo ipuin moduan erakusten zaie guztia, beti ere, gaztetxoek erraz barneratu dezaten. "Gero gehiago sakondu nahi badute, beti dute aukera, guk atea zabaltzen diegu, amua bota", gehitu du Ansok.
Argitalpenen bigarren zatia ariketa eran formulatzen da, baina ez "etxekolan eran" Txertoako arduradunaren arabera. Informazio bitxia eta detaileak ematen zaizkie, aurretik irakurritako narrazioetako informazioaren gehigarri gisa. Hainbat egilek egindako liburuak dira, gazteleraz Madrilen argitaratu zirenak Rompecabezas argitaletxearen zigilupean; hala nola, Jon Bilbao eta Gorka Calzada besteren artean. Miren Arratibel izan da itzulpenaren arduraduna.