Ez dugu berri gehiagorik izan lehengo astean Larhungo Lapurdiko magalean begiztatu zuten otsoaz. Ibiltari aparta da otsoa, epe laburrean kilometro parrasta egiteko gauza. Eta ez du mugen berri, ondoko herrialdeetan, Nafarroan eta Gipuzkoan bereziki, berehala ulertu dutenez. Gaurgero, Iratin izan daiteke. Edo Aralarren. Edo Landetan. Bizirik segitzen badu, naski. Frantziako nahiz Espainiako legeriak zigor gogorrak baditu ere otsoa hiltzen duenarendako, ez omen zatekeen Euskal Herrian azken urteetan gordeka bota den lehenbizikoa. Hainbertzerainoko izua eta gorrotoa pizten baitu basapiztiak, bereziki baserritar eta abeltzain kalteberen artean. Ikusmolde epelagoak izan ohi ditu bizia lurretik atera behar ez duenak. Lehenago ere bazen usadioa nola edo hala famatutako basa animaliei deitura paratzeko. Jende izenak agintzen zituen tradizioak. Osaba zenari ikasi nion joan den mendearen lehen hamarkadetan Orozkon (Bizkaia) Sandino jarri ziotela, gerrillari nikaraguar ospetsua gogoan, bertako oilategietan desmasiak egiten zituen azeriari, lukiari. Berrikiagoetan ere, Camille ezarri zioten Erronkariko azken hartza hainbat urtez izan zenari. Haren lekukoa, berriz, Nerek darama gaur egun. Bertze bide batetik jo dute Berriako irakurleek, lehengoan egunkariak galdeketa egin zielarik Larhungo ale bakartiari ezarri beharreko graziaz. Kazetaren hiru proposamenen artean Otsail izan da bozkatuena. Izatez, otsailaren hondarrean agertu zen pataria, otsoen hilabetean. Lapurdi aldean bi mende zituzten animalia honen ulurik aditu gabe. Konprenitzekoa da nahi gabeko bisitariaren agerpenak inguruko laborariei piztu dien atsekabe. Honako urbanita honek, berriz, badu Larhun aspaldi zanpatu gabera igotzeko bultzagarri bat gehiago. Ederra izanen da Otsail ikusitako bazterretan martxoan galtzea. Beharbada inguruan dabil oraindik.