Urte zailetako euskal kantagintzaren hasiera hartako kantaria, 1969an Ugao jaioterritik alde egin beharra. Halabeharrekoa bere patua, Paulo Iztuetak oraintsu idatzitako idazki gogoangarrian, zerau dio: arrazoia? Erakundeko ekintzaile bat larriki zauritua izan zela eta harentzat sendagaiak lortzen ahalegindu zela”. Mutil zauritua, Pauoloren loba.

Parisen urte batzu, Jokin Apalategi ezagutu eta betiko eta betirako bizikide izan zuen eta lasterrera Ur semea jaioz batera, Euskal Herrira etortzeko gogoa piztu zi-tzaien, bizi behar eta Zabal liburu denda Auzolan izpirituarekin sortu zuten.

Eta geroztik Ipar Eskal Herrian, hainbat diska, kantu, eta kontzertu. Eta euskara eta euskal kultura bizibide. “Kantuarekin hobeto espresatzen naiz” zioen Maitek. Kantatzea bere pasioa eta kantagintzaren ale gazi-gozoak, batekoak eta bestekoak frogatu eta bizi izan ditu, beti bakarlari gisa, eta Ortziken talde eta ikuskizunaren partaide ere izan zen.

Eta hasiera hartako norabideak frogatu eta egindakoa ahaztu gabe, Baionako kontserbatorian hasi, hezi eta genero klasikoan soprano gisa ihardun zuen urte askotan. Euskal errepertorio klasikoa berreskuratuz eta hedatuz batipat. Bere herriarekin eta denborarekin konprometitutako kantaria izan dugu eta bere merezimenduzko lana eta etekina aipatzea, goraltzea eta gogora-tzea dagokigu.

Emakume irribartsua, kantuan eta herrigintzan hainbat lan egindakoa, Euskal kantagintzaren urte luzeetako kantuen ordezkaria badugu ere, berak aitortutako elkarrizketa batean barru-barruko sentipena agerterazi zigun, errekonozitua ez zegoela sentitu zuen. Ohi gertatzen den legez, nahiz eta ekimen eta ibilbide luze eta begirunetsukoa izan, modak badirudi, aurreko guztia baztertu edota isilerazten digula. Eta erakundeek eta hedabideek ere sarriegitan ez dutela zer izan garenen, zer egin dugunaren eta nondik gatozenen premiarik eta gogorik sentitzen.

Eta esan behar, honetan ere, euskal kulturaren programatzaile asko eta asko, gure kulturatik at bizi direla, ez dutela berau bizi eta jakina, bizi ez duenak ez du senti-tzen. Badirudi horien buruetan honako hau dabilela: unean unekoa agertarazi eta gure sustraien bila dabiltzan horiek, ez dituztela gogotan hartu nahi. Hauxe da bizi duguna eta berari horien afana… beraz, ze ekarpen eta ekarpen ondo!

Emakumeen mugimenduan ere garaiari aurreratuz, bere ekarpenak egin zituen Maitek, berak esana da: “Euskal iraultzan emakumeak deretxo berdinak ez badituzte eta libroak gertatzen ez badira, ez da benetako iraultza izango”.

Eta sentipenetara etorriz Maite Idirinen beste ekarpen handienetarikoa, gure kantagintzaren geroa izan zen. “Euskal kantagintzaren elkartea” izenburu honekin sortu bai zuten, Maite Idirinek(Lapurdi), Errotaberek(Benafarra) eta Niko Etxartek(Zuberoa) Eñaut Larramendi elkartearen lehendakaria zelarik. Bizkaian Juanjo Zelaia genuen buru.

Asmo eder hau, etorkizuneko kantari berriak ezagunaraziz, lagun eta akuilu izanik, berauen bide berriak bultzatzea zen. Hainbat urtetan egin izan da eta Maite fundatzailea eta kantari berrien suspertzailea izan den aldetik, bere ekarpen handia gogoan hartzekoa eta baloratu beharrekoa dugu. Neuk ere Juanjo Zelaia bizkaitarrak eskatuta, noizbait halako lehiakideen txapeldunetan Maiterekin batera epaimaikide izateko zortea izan nuen.

Ez nuen Angelun egin izan zaion azken agurrera joaterik izan, baina esan didatenez oso omenaldi ederra egin dizute Maite eta jakina, zure ibilbidea goraipatuz aintzat hartu zaituzte. Euskal kulturaren beroan, beti gogoan Maite.

Abesalaria