Esan dezadan lehenik eta behin Hezkuntzan sinesten dudala. Hezkuntza baita etorkizuneko gizarte kohesionatu, inklusibo, justu, berdinago eta askeago baten giltza eta ardatza, bihotza eta arima, giharra eta arima, arnasa eta begirada. Eta horregatik urriaren 5ean nire jubilatua naizen “agenda” aldatu nuen, pozik, pozez, ilusioz. Urriaren 5ean bai, egun eder eta berotsu bateko goizeko 11:30tan eta Donostiako Konstituzio plazako liburutegi nagusian hain zuzen, liburu zoragarri baten aurkezpenera zuzendu nintzen ziztu bizian, izerditan. Liburuaren izena Transgrezioa Irakasgai, Hezkuntza askatasunaren praktika gisa. Liburuaren hitzaurrea Eusko Ikaskuntzako Hezkuntza taldeko kidea, eta lagun bereziki ona dudan, eta den Nora Salbotx Alegria Nafarraren eskutik zetorren. Ezin kale egin beraz. Argitaletxea Iruñeako Katakrak eta horrela argitaletxeko Hedoi Etxarteren hitz zuhurrak entzuteko aukera paregabea izan genuen. Aukera bikaina ere eskua luzatu, eta estutzeko, Hedoi Etxarteri, Eusko Ikaskuntzaren izandako Hezkuntza Taldeko Aitor Etxarteren semeari, Covidek lapurtu ziguna gupidagabeki guztion negar zotinak sortuz. Aitor beti gogoan eta bihotzean. Bere aita, Aitorrez, aritu nintzaion hizkeran emozioa nola hala menperatu nahian. Liburua itzulpena da. Bikaina, hain zuzen. Jatorrizko egilea Bell Hooks (1952-2021) dugu, Gloria Watkins izenarekin jaio zena Hopkinsvillen (AEBn). Izena bere amaren birramonaren izenetik eratorri zuen bere izen berri (Bell Blair Hooks). Idazlea eta militante feminista zen. Benetako zorioneko itzultzaile guztiz bikaina eta erakargarria oso Amaia Apalauza Ollo dugu, liburuaren jatorrizko izenburua hauxe dugu Teaching to Transgress: Education as the Practice of Freedom. Hamalau atal ditu liburu guztiz interesgarri, esanguratsu eta sakon sako honek. Hamalau atal. Argitaletxearen oharra, non eta aipatzen diren Anne Carson eta jean Paul Sartre, non adierazten den liburu honen zergatia eta Nafarroako Baztanen bizi den Nora Salbotx hitzaurre mardula non aipatzen duen hain ezaguna zaigun Zapaldu Ororen Pedagogia. Liburua oparia. Oparia liburua. Zubigintzarako altxorra.

Bell Hooks dio “Hezkuntza krisi larrian dagoela. Ikasleek, askotan, ez dutela ikasi nahi, eta irakasleek ere ez dutela irakatsi nahi. Herrialde honen historian sekula ez bezala, gure gizartean irakas-praktikek sortu dituzten aurreiritziei aurre egin behar diete hezitzaileek, baita ezagutzarako modu berriak eta ezagutza partekatzeko bestelako estrategia batzuk asmatu ere. Pentsalari kritiko aurrerakoiek eta kritika sozialean jarduten dutenek irakaskuntza funtsezko aferatzat hartzen ez badute, nekez helduko diogu krisi horri”. Interesgarria guztiz, gogoeta gai sakonenetan sakonenetakoa, bai. Ados egon edota ñabardurak egiteko tentazio zilegi izan. Zubigintza erronka.

Nora Salbotx ez zaigu atzean geratzen, ez. Iritziak iritzi, bereak ere botatzen ditu, arretaz irakurri beharrekoak ere: “Pedagogo marxista eta kritikoek jakin izan dute etika eta estetika uztartzen dituzten proposamen erradikalak egien, tradizioaren arau zurruna leherrarazten, ikastetxe barruko elkarrekin-tzetan ildo berriak zabaltzen eta hazkunde pertsonal eta kolektiboa sustatzen dituzten proposamenak egiten. Pedagogo iraultzaileek -gaur ezinbertzean feminismoa eta barne hartuta- jakin dute, gainera, haien lan hezitzailea militantziarako esparru bat ere badela, emantzipazioaren aldeko borrokarako ezinbertzeko tresna”. Nik neuk, nire aldetik, eta bere baimenarekin, Nora Salbotxen aurkezpenean entzundako hitz eta ideia batzuk gehituko nituzke orain artekoari. Pentsatzen dut, baita nik ere Hezkuntzan interesa duen orok irakurri beharko lukeela liburu hau, zeren liburu hau irakurtzeko nahikoa arrazoi da bere horretan. Hainbat zalantza, ideia galdera erantzunen bidez eta hainbat baita gogoetaz ere bideratuko ditzakegu hurrengo ideien azalpen eta ideian bilakaerak.

Has gaitezen ba bi galdera-erantzunekin:

1-Zer egiten du bada liburua hain interesgarri, beharrezko hezkuntzaren inguruko kezka duenarendako, feministentzako, dena delako prozesu hezitzaile, parte hartzaile, militante eta, oro har, eraldatzaile komunitarioenganako kezka (edota praktika) duten lagunendako? - Hauxe erantzun zuhurra: zapaldu guztien pedagogia bat planteatzen duela, ildo filosofiko eta kontzeptual bat ematen diguna baina baita praktikarako argia ere.

2-Zergatik diogu “zapaldu ororen pedagogia” bat ekartzen duela? - Hauxe erantzuna, Paulo Freirerengatik abiatuz gero feminismoa eta hezkuntza segregatuaren esperientzia gehitzen dizkiolako hezkuntzaren tradizio kritikoari, marxistari eta iraultzaileari. Irakastea esperientzia performatibotzat jotzen den heinean, teoriatik praktika transgresibo baterako estrategiak, esperimentazioa oinarritzeko ildoak eta aski ongi finkatutako pentsamendu oso bat ematen digulakoz. Bell Hooksek berak dioen gisan “ideien zirrara eta ikasteko grina txertatzeko bulkada.

Jarrai dezagun beste bi gogoetaz, hau da, hots: esan daiteke, esan dezakegu, bi piezako puzzle baten irudia datorkigula etengabe Bell Hooks eta Paulo Freire erraldoiaren emari erraldoiaz ari garelarik:

1-Alde batetik, kontzientziazioaren ideia erradikalean egiten dute lehenik eta behin, alegia, ideia hori zeinen arabera errealitatea bereganatzen dugunean zenbat eta kon-tzientziazio gehiago orduan eta sakonago ezagutu dugu inguratzen gaituen, hori baina, gainera intelektualismo hutsa gainditzen duen proposamen batean, izan ere etengabeko prozesu gisara ulertzen baita, borobila, ekintza-hausnarketa binomioaren dialektizazioan oinarria duena.

2-Eta beste aldetik, arestian esan bezala, hezkuntzaren teoria marxista, erradikal, deskolonizatzaileei, nolabait ere, falta zuten pieza ekarri dielakoz Bell Hooksek: feminismoa, intersekzioak, klasea eta arrazaren inguruko kritikari generoarena ekartzen diolako.

Eta, baita gainera ere, feminismotik begiratuta problematizatzen duela norberaren esperientziaren materialtasunetik, inork ez bezala, gorputzaren eta gorpuztasunaren afera: esperientzia kokagune pribilegiatu bat da ezagutzarako. Eta hor datza Nora Salbotxen bere ekarpenik erradikalena, iraultzaileena errotikakoa den heinean. Akaso handiena ere bai; pedagogia kritikoari feminismoa dakarkiolako baina ez azaletik eta apaingarri gisara baizik erroetara joaz. Gorpuztasuna, buru-gorputza banaezintasunaren ideiatik dator, gaurko sistemen objektibazio nahikeriaren salaketatik, feminismoaren eta bertze gisako mundu-ikuskera ez-mendebaldar zenbaitetatik edan duelarik eta ondorio sakonak dituena hezkuntza jardueran, are gehiago askatasun praktika gisara jorratu nahi dugunongan.

Eta liburua eskuratzen duen adiskide estimatuak irakur bitza honoko hauek, batez ere eta bereziki arreta nabarmenaz:

1-Aberatsa guztiz Nora Salbotxen hitzaurrearen 19. orrialdeko edukia, non eta aipatzen da Transgresioa irakasgai hezkuntza askatasun praktika gisa aurkezpena lausotzeko, gure hizkuntza-esperientziak berreskura-tzeko deia egiten digu gisa guztietako marjinatu eta zapalduoi. Baita aberatsa ere 5. atala ere, Teoria praktika askatzaile gisa.

2-Era berean 55. orrialdea, ezabakeria, subjektibotasunen borratzea, neutral eta objektibotzat jotzea diziplinatze patriarkal zuri burgesa eta aldiz, hortik kanpo dagoen jarrera, hizkuntza, molde, fisikotasun eta gorputz oro ezabatu. Gorputzera itzuli behar bat aldarrikatzen du, historiako subjektu gisara solastatu gaitezen gure buruez, gure kolektibo eta identitateez, menderakuntzez.

3-Baita 11. atala ere. Askotan intersekzionalitatean kanpoko erreferente izan ditugun horiei gutxiago aditu diegulakoz gai honi buruz eta gure testuinguruan berebiziko garrantzia eta erabateko zentralitate politikoa.

4-Eta amaitzeko artikulu hau, irakur beza arreta handiz 178. orrialdea. Hizkuntza erresistentziarako esparru bat dela dio eta.

Amaitzen dut. Zorionak, eskerrik asko eta besarkadak Katakrak argitaletxea, besarkada Hedoi Etxarte (zure aita Aitor zenaren poza eta zirrara ezkutua susmatu nuen liburutegian, bai, liburuaren aurkezpenean hortxe zegoelakoaren nago), zorionak, eskerrik asko eta besarkadak Amaia Apalauza Ollo anderea zeren zure itzulpena ordain ezineko benetako plazerra baita, bi muxu oso laztan, zorionak, eskerrik asko eta besarkadak Nora Salbotx Alegria lagun estimatua, adiskide mina eta ilusio-kide tematiari. Zuekin bat nauzue, Hezkuntzarekin eta etorkizun hobeago baten irrikarekin bat hain zuzen. Bat nauzue estuki. Liburuak liburu. Bedi bada. Liburuak liburu. Zubigintza motxiladunak lanean. Bai.