ure sujeta noraezean dabil Ukrainakoa piztu zenetik. Bihotzaren bi alderdiak erdibiturik, ukaldi batek barren guztia urratu diola. Orain arte bazekien ongia eta gaizkia bereizten. Inork ez zion ziria sartuko. Okerrik ez egiteko metodo hutsezina zuen, gainera, gertakizunen aitzinean non kokatu behar zuen asmatzeko: haiek non, bera bertze aldean. Nor, haiek? Estatu Batuak, Mendebaldea, NATO, Europar Batasuna, Espainiako Estatua, Madrilgo Gobernua, Nafarroakoa, PP, PSOE, UPN, EAJ, GB, 6.C-ko fatxa puta eta 3.B-ko espainol alua, 2.A-ko moderno-uste(l)a eta 4-D-ko epel arraio. Ez zuten aise harrapatuko, ez alafede! Orain, berriz... Orain, guztia erortzen ari zaio. Pentsatze hutsak nahasten dio urdaila: nola bat etorri -xehetasunak xehetasun- halako jendailarekin? Nola partekatu iritzi bakar bat ere betidanik eta, ustez, betiko, etsai izan(en) dituen pertsonaia horiekin? Ahaleginak egin ditu. Saiatu da Putinekin enpatizatzera, haren arrazoiak bereganatzera, haren putakume aurpegiaz ahanztera. Alferrik. Bi aldiz sortu behar luke horrela mintzatzen eta jokatzen duen inorekin kidetasunik den mendrena sentitzeko. Historian bilatu du argia. Oroitu da Neguko Jauregiaz, proletalgo altxatuaz, Armada Gorri loriatsuaz. Debalde. Burua beharturik ere, ezin parekotasunik antzeman telebistak eskaintzen dizkion irudietan. Noiz erotu zitzaion iparrorratza? Non galdu zuen bidea? Bere etsian, akordura etorri zaio duela zenbait urtetako manifestazioa, euskararen aldekoa. Gure sujeta han, pankarta zabaltzeko prest, eta hara non morroi ezagun bat bere ondoan. Idaxle saldu nardagarri bat, beretarrei noiznahi egurra ematen diena. Ezin isilik egon. Jaulki dio: "ez nindukek etorriko jakin izan banu hirekin topatuko nintzela". Morroiak, pare bat segundo gogoetan bezala, eta gero ihardetsi: "ba ni hona etorri nauk jakinda ere hirekin topatuko nintzela".
- Multimedia
- Servicios
- Participación