Helburua argia, erraza baina funtsezkoa eta garrantzitsua da: herritarrak kontzientziatzea eta sentsibilizatzea giza eskubideen nazioarteko dimentsioaz. Hori dela eta, egun gutxi barru hasiko dira Fokuan. Hiltzen duten merkatu globalak jardunaldiak. Europa Jauregiak hartuko ditu hiru hitzaldi hauek, astelehenetik hasi eta ostiralera arte.

Hala, Gasteizko Udaleko Garapenean Laguntzeko Zerbitzuak jardunaldi hauek antolatu ditu. Globalizazioaren ezkutuko aurpegia jorratzen duten hitzaldi, proiekzio, antzezlan eta erakusketa batzuk; gatazka beliko edo giza eskubideen urraketa gisa planteatzean eragina duten legezko eta legez kanpoko trafikoak. Zehazki, jardunaldi horiek nazioarteko gatazka batzuetan arma-salerosketak edo baliabide naturalen esplotazioak duten eraginari buruzkoak dira. "Garapen bidean dauden herrialdeetan tokiko GGKEen proiektuak babestu eta kofinantzatzeaz gain, Udalaren Lankidetza Zerbitzuaren eginkizunetako bat da gasteiztarra gizarte solidarioa eta giza eskubideekin sentsibilizatua izan dadin nazioartean lan egitea. Arma-trafikoak eta baliabide naturalen ustiapenak eragindako gatazken ondorioak pairatzen dituzten pertsonek merezi dute hemen ere aurpegia jartzea eta konponbideak bilatzeko pairatzen duten egoerari buruzko hausnarketa sakona egitea", gogoratu zuen berriki Jon Armentia Gizarte Politiketako zinegotziak.

Lehen hitzaldia Judith Prat prentsa-argazkilariak emango du, urriaren 25eko 19:30ean. Zuzenbidean lizentziaduna eta giza eskubideen arloan aditua den horrek ondu du Salerosketa joan-etorrian: merkatuak hiltzaile erakusketa, zeina Andre Maria Zuriaren plazan jarriko baita ikusgai.

"Pratek hainbat herrialdetako egoera islatzen du bere irudietan: Estatu Batuetan lan egiten duten jornalari mexikarren lan- eta bizi-baldintzak, Kongoko Errepublika Demokratikoko koltan-meategien ustiaketak sorraratzen dituen gatazkak, eta nazioarteko arma-salerosketak Yemengo gerrarekin duen harremana", azaldu zuten Udaletik. Europa biltzar-jauregian emango duen hitzaldian, gatazka horiek jorratuko ditu Pratek, eta populaziorik zaurgarrienengan emakumeak, adingabeak, egoera prekarioan daudenak dituzten ondorioak azalduko. Hurrengo egunean, 6an, mahai-inguru bat antolatu dute. Bertan izango dira Prat bera, migrazioetan espezializatuko prentsa-argazkilari eta Revista 5W aldizkariaren editore grafiko Anna Surynach, eta ekonomista eta Centre Delàs-eko ikerlari Jordi Calvo. La cara oculta de la globalización izango da gaia.

Azken egunean, arma-salerosketari eta industria militarrari buruz sakon mintzatzeko aukera izango dute bertaratuek, Jordi Calvoren eskutik. ¿Es posible controlar el tráfico de armas? da hitzaldiaren izenburua. Beste hitzalduak bezala, ordua ere berdina izango da, hau da, 19:30ean hasiko da.

Azkenik, hilaren 30ean, El gran mercado, antzezlana ere izango da Arriaga Gizarte Etxean, Pez Limboren eskutik, arratsaldeko zazpietan. Gainera, eta ildo beretik jarraituz, Andre Maria Zuriaren plazan Judith Prat prentsa-argazkilariaren erakusketa jarrita dago, ikusgai azaroaren 8ra arte.

Ekitaldia. Urriaren 28an, 19:30etan, Fernando Santiagoren Adú dokumentala proiektatuko da Florida zinema-aretoetan. Sei urteko haur baten istorioa konta-tzen du filmak: Kamerundik ihesi doa, arrebarekin batera, bizia salbatu nahirik. Urruti gabe, ingurumenaren arloko aktibista bat, baimenik gabeko ehizaren kontra borrokan. Melillan, hesiaren gainetik igaro nahian ari diren migratzaileak atzera botatzen, poliziak. "CEAR-Euskadiko zuzendari Patricia Bárcenak aurkeztuko du istorio gurutzatuen film mamitsua", Gasteizko Udaletik azpimarratu zuten bezala. Hau izango da azken ekitaldia.