Que no nos quiten lo bailao izeneko ekimen herrikoi batek gasteiztar guztiak deitu ditu ekainaren 5erako, hiriko kaleak dantzaleku bihurtzeko.

"Haizeak hartzera 2020! 2021. urtea kaleak hartzeko urtea da!! Inoiz baino gehiago, elkarrengandik gertu egoteko urtea, elkarrekin gozatuz atera gaitezen kalera! Jar dezagunbalorean herritar zein kolektibo ezberdinek egindako lan guztia eta eman diezaiogun udari behar bezalako ongi etorria! Elkar zaindu gaitezen, inor atzean utzi gabe! Ekainaren 5ean, gure onena emateko prest gaude, har ditzagun Gasteizko kaleak!", adierazi zuten atzo. Ildo horretatik, pandemia eta ezinegonaren egoerarekin nekatuta daudela adierazi zuten atzo, mozorrotuta eta aurpegia festaren ikur gisa estalita eman zuten prentsaurrekoan. "Urtebete da Covid-19a gurera iritsi zela, eta horrekin batera kezka, beldurra eta ezinegona. Ez baikenekien zer zetorkigun, ezta zenbat iraungo zuen ere. Baina sumatzen genuen ordurako, geu ginela egoera hartatik onik ateratzeko geneukan irtenbide bakarra; herriak bakarrik salba zezakeela herria", adierazi zuten.

Ildo horretan, tabernak beren borondatez ixten lehenak izan zirela eta gazteek ere behar handiena zutenei laguntzeko taldeak osatu zituztela esan zuten. Izan ere, kultura egin zuten pertsona guztiei eta osasun arloko langileei ere eskerrak eman zizkieten lehen lerroan egoteagatik. Eta herritar antolatuek, beste behin, udal, gobernu eta gainontzeko instituzioei "aurre hartu zioten": "Kutxiko tabernariak izan ziren lehenak herritarren segurtasunagatik beraien ateak ixten, inoren aginduei itxaroten egon gabe. Auzokide askoren oinarrizko beharrizanak bermatu gabe geratuko zirela aurreikusiz, gazte batzuek Batera izeneko zaintza sare herritarra sortu zuten egun gutxira, gero entzun behar izateko gazteak arduragabe hutsak direla eta abar. Fabriketako langile askok ere planto egin zuten, bizitza lehenetsiz, merkatuaren diktaduraren aurrean", esan eta gaineratu zuten: "Espetxeetaraino elkartasun mezu ugari iritsi ziren. Kultura munduko hainbat artistek egunak alaitu zizkiguten baina kultura ez omen zen lehentasuna une horretan. Eta osasungintzako langileak lehen lerroan egon ziren hasieratik, oso baldintza kaxkarretan egoera zailari aurre eginez, txalo gutxiago eta baliabide gehiago behar zituztela aldarrikatuz".

Adierazpen horien ostean, atzo igorritako agiri horretan herritarrei egindako deiez kexatu ziren. "Udal eta gobernuen arduragabekeriaren gainetik, herritarrok izan gara gure onena emanda, sormena baliatuz eta elkar zaintzeko bitartekoak bilatuz egoerak eskatzen zuen erantzukizunez jokatu dugunak. Gu, eta ez haiek. Ez dezagun ahaztu", nabarmendu zuten.

"Orain, ematen baitu, herritarrak garela egoeraz jabetzen ez garenak, arduragabekeriaz jokatzen ari garenak. Erantzukizunaren inguruko lezioak ematera ausartzen dira gainera, bi tona pisatzen duen musuko erraldoia hiriaren erdialdean jartzen diguten bitartean. Ez dago, ordea, hain aurpegi gogorra estaliko duen musukorik", azpimarratu zuten.

Hori dela eta, "elkar zaindu gaitezen, inor atzean utzi gabe! xk aki hay un pueblo digno, Ekainaren 5ean, gure onena emateko prest gaude, har ditzagun Gasteizko kaleak!! Y que no nos quiten lo bailao", ondorioztatu zuten.