- Larrein eta Aretxabaleta-Gardelegin berreskuratu beharreko lurrak alokairu sozialeko etxebizitzak eraikitzeko erabil behar direla gogoratu zion atzo Kaleratzeak Stop elkarteak Gasteizko Udalari, “euskal etxebizi-tzaren legeak ezartzen duen bezala”. Komunikabideei bidalitako ohar batean, elkarte horrek azaldu zuen hilaren 30ean Zabalgune XXI udal enpresaren Administrazio Kontseiluaren bilera bat izan zela. Bertan, Larrein eta Aretxabaleta-Gardelegiko 13. eta 19. par-tzelen berreskurapena onartu zen, “2009-2010ean hainbat enpresari saldu baitzitzaizkien salmentarako babes ofizialeko 500 etxebizi-tza eraiki zitzaten”. Hala ere, “eraikuntza-enpresa horiek ez zuten babes ofizialeko etxebizitzak eraikitzeko konpromisoa bete, eta orain Udalari presioa egin diote, Eraikuntzaren Patronalaren bidez, salerosketa desegiteko eta doan ateratzeko”, azaldu dute agirian. Gaineratu zutenez, EAJ, PSE-EE, PP eta Elkarrekin alderdien babesarekin, Udalak “lursailak berreskuratzea eta eraikitzaileek ordaindutako dirua zigorrik gabe itzultzea” adostu du.

“Baina eztabaida sortu behar duena informazio publikoa da, datozen urteetan partzelak salduz joango direla eta diruarekin auzoen birgaitzea bultzatuko dutela. Etxebizitza babestuak eraikitzeko lurzatiak berreskuratu direnez, kontuan hartu behar da Euskal Etxebizitzari buruzko Legearen 7.4 artikuluan eta laugarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, Eusko Jaurlaritzak eta lurralde-izaerako administrazio publikoek etxebizi-tzaren arloan dituzten baliabideen % 100 bideratu behar dute alokairu-erregimeneko etxebizitzak sustatzera, kolektibo behartsuenei bideratzeko”, gogoratu dute.

“Gasteizko Udalaren arabera, lur horien balioa handitu egin da, baina adierazpen horrek talka egiten du pandemia lurzoruaren balioa hondoratzen ari dela dioten adierazle guztiekin. Beharrezkoa da, beraz, Udalak eta Eusko Jaurlaritzak plan zehatz bat egitea berreskuratuko den lurzoru horrek alokairu sozialeko etxebizitzen parke publikoa handitzeko balio dezan, eta horrek, etxebizitza hutsen mobilizazioarekin, alokairuei eustearekin eta espekulazioarekin batera, eta premiazko erreforma fiskal batekin batera, hiriko egungo bizitegi-larrialdiari erantzuten lagunduko duena”.