- Egunkariak eta informazioa gero eta gehiago kontsumitzen dira Internet bitartez. Izan ere, komunikazioari eta informaziorako sarbideari lotutako zerbitzuak dira erabilienak, Eustaten arabera. Zehazki, honako hauek dira ohikoenak: mezu elektronikoak jasotzea edo bidaltzea (%81,5), albisteak, egunkariak edo gaurkotasuneko aldizkariak irakurtzea (%77,5) eta ondasun eta zerbitzuei buruzko informazioa bilatzea (%67,1).

Mugikorrerako WhatsApp eta antzeko beste aplikazio batzuk dira erabiltzaileek gehien erabiltzen dituztenak, adina, sexua edo jarduerarekiko harremana gorabehera (betiere %93tik gorakoa). 65 urteko eta gehiagoko pertsonek erabiltzen dituzte gutxien aplikazio horiek (erabiltzaileen %93,5), alegia "adin horietako biztanle guztien %39,3, aurreko urtean baino ehuneko 5,4 puntu gehiago".

Eta kontsumo horretan guztian, berdin erabiltzen al dute sarea gizonek eta emakumeek? Erantzuna ezezkoa da, informazioaren gizarteari buruzko azken inkestaren arabera: "Genero-arrakalak ehuneko 3,5 puntu egin du behera, 2019ko aldi berean baino ia puntu bat gutxiago. Interneteko gizonezko erabiltzaileak gizonezko biztanleen % 84,4 dira, eta emakumezko erabiltzaileak, emakumezko biztanleen % 80,9.Interneten bidez erabiltzen diren zerbitzuetan ere aldeak daude generoaren arabera.Emakumeek gizonek baino gehiago erabiltzen dituzte osasunarekin zerikusia duten zerbitzuak, besteak beste informazioa bilatzea edo medikuarekin hitzordua hartzea (ehuneko +10,5 puntu), onlineko ikastaro gehiago egiten dituzte (+3,9 puntu) eta hezkuntzako web-atari edo guneak erabiliz monitore edo ikasleekin gehiago komunikatzen dira (+3,2 puntu)", diote. "Gizonek, bestalde, emakumeek baino gehiago erabiltzen dute informazioa -albiste, egunkari edo gaurkotasuneko aldizkari gehiago irakurtzen dituzte- (+6,7), Internet bidez ematen diren programa gehiago ikusten dituzte (+5,5) eta sarriago jolasten dira edo deskargatzen dituzte jokoak (+4,7)", gaineratu dute.Merkataritza elektronikoan, emakumeek kirol-material eta arropa gehiago erosten dute (ehuneko +6,1 puntu), etxerako ondasun gehiago (+5,7) eta bidaietarako zerbitzu gehiago -garraio publikoko txartelak, ibilgailuen alokairua- (+4,4 puntu), gizonek baino. Gizonek, bestalde, ekipamendu elektroniko gehiago (+17,9 puntu), ekipamendu informatiko gehiago (+13,1 puntu) eta ordenagailuko joko edo bideokontsola gehiago (+7,2 puntu) erosten dituzte, emakumeek baino.

+6,7

Gizonek emakumeek baino gehiago erabiltzen dute informazioa, albiste, egunkari edo aldizkari gehiago irakurtzen dituzte (+6,7).