- Nekazaritza produktuak biltzeko jarduerak eta Euskadiko hainbat eremu geografikotara, aurki, nekazaritzako sasoikako langile asko etorriko direla jakiteak bultzatu dituzte euskal erakundeak eta lehen sektorea prebentzio neurri espezifikoak hartzera, Covid-19arekin kutsatzeko arriskua murrizteko eta, horrela, kanpainen ohiko garapena bermatzeko.

"Horrekin guztiarekin, beharrezkoa da prebentzio neurriak edukitzea eta zabaltzea, Covid-19ari eraginkortasun handiagoz aurre egiteko, eta, beraz, ezinbestekoa da nekazaritzako sasoikako lan eskariaren aurreikuspenak xehetasun handiagoz ezagutzea, egin beharreko osasun probak (PCRak, etab.) egoki kudeatzeko", jakinarazi zuten atzo Eusko Jaurlaritzatik. Ildo beretik, kontuan hartuta Euskadik bizi duen egoera zaila eta mahats-bilketaren eta patataren kanpainen hurbiltasuna, Eusko Jaurlaritzak agindu bat eta jarduera-protokolo bat diseinatu ditu nekazaritzako ustiategietarako higiene- eta osasun-segurtasunaren arloan. Osalanek egin du protokolo hori, eta sasoikako langileak kontratatuko dituzten nekazaritza-enpresetan eta horiei emandako ostatuetan ezarri beharreko jardunbide egokiak zehazten dira. Aginduaren helburua da indarrean dauden kontratazioak eta langileak kontratatzeko aurreikuspenak adierazteko betebeharra ezartzea, kontratazioak zuzenean edo enpresa bitartekarien bidez eginda ere, Covid-19aren pandemiak Euskadin eragindako osasun krisiari aurre egiteko.

Eusko Jaurlaritzaren hitzetan, "herritarren osasuna babesteko, Osasun Sailak sasoiko langileen osasun-kontrolerako eta -jarraipenerako jarduerak ezarriko ditu 2020ko nekazaritza-kanpainetan, eta, horretarako, egokitzat jotzen dituen probak zehaztuko ditu". Halaber, birusak kutsatutako pertsonak eta haien kontaktu estuak bakartzeko neurri egokiak hartzeaz arduratuko da. "Era berean, laguntza emango dio Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailari, toki- eta foru-erakundeekin lankidetzan, Covid-19ak jotako pertsonak edo kutsatutako pertsonekin harreman estuan egon diren eta berrogeialdia bete behar duten pertsonak bakartzeko espazioak gaitzeko". Sasoikako langileek 2020ko nekazaritza kanpainetan gaur egun duten enpleguari buruzko erantzukizunpeko adierazpenak gutxienez zazpi egun balioduneko epean jakinarazi beharko dira, Agindu hau argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera. (Abuztuak 31etik irailak 8arte).

"Informazio hori aurrez aurre edo elektronikoki aurkeztuko da. Aurrez aurre eginez gero, adierazpenak Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailaren bulegoetan aurkeztuko dira zuzenean (Donostia kalea 1, 01010 Gasteiz), edo Administrazio Prozedura Erkidearen urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan aurreikusitako edozein lekutan.