- Udarekin, beroa ere heltzen da, eta leku desberdinak ezagutzeko grina. Baina horrekin batera, zenbait arrisku ere datoz; hala nola, lapurretak. Horregatik, Udaltzaingoaren Segurtasun saileko komisariordea den Jose Carlos Garcia Marcosek DIARIO DE NOTICIAS DE ALAVA egunkariarekin hitz egin du hauek ekiditeko gomendioak aurten ere erabiltzeko helburuarekin, eta era horretan lasaitasunez bidaiatzeko.

"Gure etxebizitzetan inbertsio bat egin behar dugu, zehazki, sarrailan. Izan ere, lapurrek atetik sartzen dira gehienetan", dio lehendabiziz Garcia Marcosek, eta "sarraila epe luzerako inbertsio bat da". Zentzu horretan, irrista izeneko metodoa ekiditzeko ahalmena duten sarrailak erostera animatzen du komisariordeak. "Irrista metodoa da lapurrek gehien erabiltzen dutena". Atea trinkoa izatea aholkatzen du, baina garrantzia sarrailan jartzen du berriz ere. Irrista metodoa jendeak atea ixten duenean erabiltzen da, giltzekin ixten ez duenean. Bertan, lapurrek txartela edo plastiko bat erabiltzen dute etxebizitzan sartzeko.

Beste gomendioen artean ere kopiatzeko zaila den giltza bat edukitzea da. "Giltzak galtzen ditugunean eta sarrailagileak etortzen denean hau irekitzera, erraz irekitzen badu atea kopiatzeko erraza dela izan nahi du".

Domotika ere lagungarria da momentu honetan. Izan ere, pertsianak mugi daitezke nahiz eta urrun egon, eta sentsoreak jarri daitezke atean, norbaitek irekitzen duenean alerta bat jasotzeko mugikorrean. "Mundu hau izugarri aurreratu egin da, eta elementu hauek erabilgarriak izan daitezke lapurretak ekiditzeko". Garcia Morenok dioenez, inbertsio bat egiten da, gero lasaitasunez etxetik kanpo egon ahal izateko. Baina, etxeko atea zaintzen den bitartean, beheko solairuan bizi direnek leihoak ere zaindu behar dituzte. Kasu horretan, pertsianak beti itxita mantentzea gomendatzen du, "eta elektrikoak badira hobe". Leihoak ere lodiak izan behar dira, kolpe batekin ez irekitzeko.

Era berean, atariko atea ere zaindu behar da. "Kale batzuetan, ate bikoitza ikusi dugu, eta frogatu da kamara bat daukaten atezain automatikoak dituzten atarietan lapurreta gutxiago ematen direla". Bertan ere, sarraila ona bada eta auzokoek ez badute atea ezezagunei irekitzen, lehenengo oztopoa jarriko diote lapurrari.

Bestalde, normalean eskaintzen diren gomendioak ere berresten ditu; hala nola, sare sozialetan pistarik ez ematea ezta tabernetan, okindegietan, etab., norbaitek entzuten egon daitekeelako, irteten garenean beti atea ixtea, postontzietako posta eta publizitatea sarri erretiratzea jada oporretan gaudenean, eta gauza bera egitea ere pertsianekin. "Konfidantza daukazun norbaiti eskatu noizean behin etxera joatea eta postontzia hustea, pertsianak mugitzea eta argiak piztu eta itzaltzea", dio komisariordeak. Horrela, norbaitek etxean dagoela sumatuko dute lapurrek.

Gainera, balio handiko objektuak ezkutatzea eta hauei argazkiak ateratzea ere gomendatzen du Garcia Morenok.

Bere partez, Ertzaintzak ere antzeko gomendioak ditu ikusgai Eusko Jaurlaritzaren web orrialdean (https://www.irekia.euskadi.eus/eu/news/39835-ertzaintza-llama-concienciacion-ciudadana-para-evitar-robos-viviendas-durante-verano?criterio_id=1175612&track=1). Bertan, ohartarazten du udako hilabeteetan erne egon behar dela etxebizitzetan lapurretarik egin ez dezaten. "Oinarrizko prebentzio-neurri batzuk hartzea eta arau sinple batzuk jarraitzea dira gizartean alarma handia sortzen duten era horretako delituen aurrean gure etxebizitzen segurtasuna nabarmen areagotzeko gakoak", diote gainera ohar horretan.

Gomendioen artean, adibidez, etxeko sarrerako atearen sarraila beti giltzaz itxi behar dela dago, bi buelta emanez, gainera. Garcia Marcosek adierazten duen bezala, sarraila modernoak, behar adinako segurtasun-bermeak ematen dituztenak, jartzen saiatzea ere eskatzen dute, baita atearen markoa tarteka aztertzea, erlaitzen bat jarri ote duten ikusteko; "halakorik hautematen bada, berehala jarri jakinaren gainean Ertzaintza", diote.

Hala, oporrak hemen daudela, gomendio hauek jarraituz, lasaitasun osoz bidaiatzera animatzen du Garcia Marcosek, betiere covid-19ari aurre egiteko segurtasun neurriak kontuan izanda; hala nola, maskararen erabilera, segurtasun distantzia eta eskuak sarritan garbitzea. "Lapurreta gehiago edo gutxiago egongo diren aurreikustea oso zaila da. Aurten, jakin izan dugu jendeak bidaiatzen jarraituko duela, baina gertuago egingo duela, landetxetara, kanpinetara eta abarrera. Horregatik, zaila da jakitea momentu honetan lapurretek gora edo behera egingo duten. Gomendioak jarraitu eta dena ondo joango da", berresten du amaitzeko komisariordeak.

Sarrailak. Kalera irtetean, atea beti itxi behar da. Sarrailarena, epe luzerako inbertsio bat da zentzu horretan.

Leihoak. Beheko solairuan bizi direnek leihoak eta pertsianak beti itxi behar dituzte, eta kalitate onekoak jarri.

Pistak. Sare sozialetan pistarik ez ematea gomendatzen dute

Seinaleak. Postontzia hustu behar da, eta pertsianak noizean behin mugitu, norbait etxean dagoela frogatzeko.

Udaltzaingoaren Segurtasun saileko komisariordeak dio jendea gertuago bidaiatuko duela, landetxetara, kanpinetara eta abarrera. Horregatik, "zaila da jakitea momentu honetan lapurretek gora edo behera egingo duten. Gomendioak jarraitu eta dena ondo joango da".