Diego Martínez de San Vicente Gasteiz On elkarteko lehendakaria

"Beste konfinamendu berri batean pentsatzea amesgaizto bat da ostalari eta merkatarientzat"

26.07.2020 | 23:07
Diego Martínez de San Vicente

Diego Martínez de San Vicente Gasteiz On-eko presidentearen esanetan, beherapenak ez dira aurreko urteetan bezala ari, eta ostalaritza ere minduta dago

GASTEIZ – Koronabirusaren pandemiak sortutako krisi ekonomikoak eragin handia du Gasteizko ekonomian eta tokiko merkataritzan eta ostalaritzan. Gasteiz on hiriko merkataritza sustatzeko elkarteko presidentea da Diego Martínez de San Vicente, eta konfinamenduaren ostean ireki ez duten negozioak daudela esan du. Krisi ekonomikoaren ondorioz, Gasteizko ostalaritzaren %12 inguruk itxiko dutela eta saltokien %6 inguruk zorte bera izango dutela uste dute Gasteiz On elkartetik. Alabaina, presidenteak ziurtatu duenez, itxiera horien atzean, kasu gehienetan, hileko alokairuaren kuota ordaintzeko ezintasuna dago.

Merkataritza izan da, turismoarekin eta ostalaritzarekin batera, covid-19ak gehien jo duen sektoreetako bat. Zein egoeratan dago orain?

–Merkataritzak, berriz ireki ondorengo lehen egunetan, oro har, ondo lan egin zuen. Kontsumitzaileek arauak bete zituzten eta errespetuz joan ziren nahi zuten edo egiteke behar zuten guztia erostera. Ehungintza azpisektore kolpatuena izan dela esatera ausartzen naiz. Alarma sanitarioaren ondorioz, denboraldi berriko arropak jarri zituzten erakusgai, eta hornitzaileei ordaindu zizkieten. Ezin izan ziren saldu, eta ireki eta gutxira merkealdiko kartelak jarri behar izan dituzte. Hala eta guztiz ere, %64k esan digute hobeto saldu zutela konfinamenduaren osteko lehen asteetan merkealdian baino.

Eta ostalaritzari dagokionez? Zer moduz ari da lanaean itxialdia bukatu eta gero?

–Ostalaritzari dagokionez, lokal gehienak ireki dituzte, eta terrazak eta eguraldi ona dira kontsumitzen laguntzen ari direnak. Baina ezin dugu ahaztu oraindik ere badirela ireki ez dituzten negozioak: langileak, alokairua, terrazarik ez izateak beren negozioak bideragarriak ez izatea eragiten du. Bezeroei kosta egiten zaie barrualdean kontsumitzera sartzea.

Merkealdia ez da ari hain ona izaten beste urte batzuekin alderatuz?

–Esan genezake orain arte saltzen ari dela, baina ez espero zen erritmoan, ezta beste denboraldi batzuetakoaren antzeko erritmoan ere. Gure bazkideen %69k uste dute beherapen horiek aurreko urteetakoak baino okerragoak izango direla, eta gainera, gure dendetan produktu gehiago geratzen dela.

Oraindik beldurra dago herritarren artean dendetara joateko orduan?

–Saltokiak ireki genituenean pentsatu genuen gure bezeroak uzkurragoak izango zirela sartzeko. Horregatik, neurriak zorroztu genituen eta gure konpromisoari ikusgarritasuna eman nahi izan genion Establezimenduak On Dendak proiektuaren bidez, eta eskerrak eman behar ditugu bezeroak gure dendetara sartu direlako eta, gainera, neurri soziosanitarioak betetzen lagundu dutelako. Bezero leialak negozioetara itzuli dira konfinamendua bukatu eta gero, baina besteek ez.

Zein da merkatari eta ostalarien estutasun nagusia normaltasun berri honetan?

–Beldurrik handiena da gure merkatariek eta ostalariek ezin izango luketela berriro itxi. Beste konfinamendu berri batean pentsatzea, konfinamenduak ekarri duenarekin, amesgaizto bat da ostalari eta merkatarientzat, besteak beste. Diru-sarrerak erabat etetea suposatzen du, gastu askok, hala nola zergak, alokairuak... jarraitzen duten bitartean. Gainera, dena interkonektatuta dago. Elikadura-merkataritzaren zati handi batek, adibidez, ostalaritzari saltzen dio, eta ostalaritzak pintxoak eta menuak saltzen ez baditu, saltokiak mindu egiten dira.

Konfinamenduan zehar, saltokiek online lan egin ahal izan dute, ala fenomeno hori saltoki handietan bakarrik gertatzen da?

Digitalizazioa ezinbesteko tresna izan da hilabete hauetan. Enpresari askok online salmenta erabiltzen zuten eta beste askok egunean jartzeko aprobetxatu dute. Uste dut denek ulertu dutela zeinen garrantzitsua den bezeroekin konektatuta egotea, merkataritza fisikoan duten presentziaz harago. Gasteiz On elkarteak zeregin garrantzitsua egin du alde horretatik laguntzeko.

Zehazki, zenbat saldu da online konfinamenduan zehar?

–Merkataritzaren %40k eta ostalaritzaren %16k online saldu zuten, webguneen, sare sozialen edo telefonoen bidez. Baina salmenta-erritmo horiek jaitsi egin ziren kalera irten ahal izan zenean, hau da, konfinamendua bukatu zenean. Azpimarratu behar da, halaber, askoz gehiago izan zirela bezeroekin sare sozialen, bideo-deien eta abarren bidez harremanak izaten eta horiek sustatzen aritu ziren negozioak, eta, horren ondorioz, ireki ondorengo lehen egunetan salmentak egin ziren.

Birusak eragindako krisi ekonomikoagatik, ba al dago berriro ireki ez den negoziorik?

–Bai, noski baietz. Izan ere, kalean negozio itxiak ikusten dira jada eta ziur aski ez dituzte ateak berriro irekiko. Ostalaritzaren kasuan, %12 inguru itxiko dela uste dugu, eta merkataritzaren kasuan, txikiagoa izango dela, %6 inguru. Horren atzean, kasu askotan, alokairuak dira itxiaren arrazoi nagusia. Eta ez dira zenbakiak bakarrik. Kasu askotan, erreferentziazko taberna edo merkataritza dira kalean edo auzo batean, eta horiek ixten badute, beste batzuen itxiera eta auzoko kontsumoaren desagerpena kateatu ditzakete, bai eta kontsumitzailea beste eremu batzuetan erosteko mugiarazteko betebeharra ere; hau da, haien balioa eta hirian duten eragina zenbaki soil bat baino handiagoa izan daiteke. Baina, beste alde batetik, negozio berrien irekiera ere ikusten ari gara.

Merkatarien eta ostalarien artean hartutako segurtasun-neurriak nahikoak izan dira ekonomia suspertzeko?

Saltokiek eta ostalaritzak neurriak hartu eta inbertsioak egin ditugu. Gasteiz On elkartetik, adibidez, gure bazkideei laguntzen diegu norbera babesteko ekipamenduez hornitzen, eta On Dendak erakundearekin sortzen ditugu gure negozioak segurtasunarekin konprometitutako leku gisa zabaltzeko eta erakusteko behar diren informazio-euskarriak. Are gehiago, gizarte-distantziaren eta maskaren hedapenean eta errespetuan parte garrantzitsua izaten ari gara. Merkataritzan lokaletara sartzeko eta erosteko beldur gutxiago dagoela uste dugun bezala, ostalaritzan terrazen erabilera handia ikusten dugu, baina barrualdean, ordea, nahiko urria.

Normaltasun berri honetan, baikorrak zarete?

–Badugu itxaropena, bai, baina ezin dugu baikortasunaz hitz egin egunero pandemiarekin lotutako titularrekin esnatzen garenean eta gure salmentak gutxienekora murrizten direnean. Egoera oso zaila da; izan ere, herritarrak babesteko kontzientziatzen lagun dezaketen datuak gogoratzeak kontrako efektua eragiten du salmentetan. Eta, bitartean, dendariek, batez ere ehungintzakoek, denboraldiko beharrezko guztia erosi behar izan dute, saltokia eta bezeroen erantzuna zein izango den jakin gabe. Ostalaritzaz eta ostalariez ere ezin gara ahaztu, ez baitakite zer gertatuko den eguraldi txarra iristen denean eta ezin dutenean terrazak jarri.

Etorkizunean zer etorriko, zalantza gehiegi daude airean oraindik ere.

Bai, orain ere zalantza handia dago abuztuan zer gertatuko den. Saltokiak irekita egoteko prest daude, baina garai honetan aurrera egiteko turista oso garrantzitsua da eta ez dakigu bisitariek nola erantzungo duten.

Nola egin dezake gora ostalaritzak eta merkataritzak?

– Ostalaritzarentzat oso garrantzitsua izango litzateke, adibidez, terrazetako epeak irailaren 30etik aurrera luzatzea eta terraza horiek neguan ere urte osoan indarrean egon ahal izateko nola lagun dakiekeen baloratzea, berogailuak jartzeko baimenak emanez, esaterako. Eta, merkataritza- eta ostalaritza-sektore guztiarentzat, Aldi Baterako Enplegu Erregulazioko Espedienteak (ABEEE) zabaltzea egoera hori argitu arte.

Nola ikusten duzu etorkizun hurbila?

–Ez diogu itxaropenari uko egin nahi, baina oraingoz gutxi dago ilusionatzeko. Gure bezeroei eskatu nahiko genieke gure alde egiteko, tokiko merkataritzaren alde.

Nola espero zenuen normaltasunera itzultzearena?

–Egia esan, orain arte ezezaguna zen zerbaiti aurre egin behar izan diogu. Duela hilabete batzuk ezin genuen imajinatu zer biziko genuen. Eta zalantza bera dugu, nola eta noiz aterako garen honetatik.

"Ostalaritzari dagokionez, lokal gehienak ireki dituzte, baina oraindik ere badira ireki ez dituzten lokalak"

"Digitalizazioa ezinbesteko tresna izan da hilabete hauetan; denek ulertu dute zein garrantzitsua den"

"Ostalaritzaren %12a itxiko dela uste dugu eta merkataritzaren kasuan %6 inguru"

noticias de noticiasdealava