- Autobus elektriko adimentsuaren obrak aipatu ziren atzo, berriz ere, goizean ospatutako Mugikortasunaren eta Espazio Publikoaren batzordean. Bertan, PP taldearen zinegotzia den Alfredo Iturrichak kendu diren eta kenduko diren zuhaitzen inguruan galdetu zion Mugikortasun eta Espazio Publikoaren saileko zinegotzi ordezkaria den Amaia Barredori, orain arte eman diren pausoak ezagutzearren.

Barredok proiektuaren inguruan hitz egin zion, eta ibilbideetan emango diren aldaketen berri eman zion bere hitzaldian. Gaur egun, ibilbide “asko hasi ditugu jada, eta horregatik datuen hurbilketa bat ezagutu dezakegu”, aipatu zuen.

Gainera, salbatu daitezkeen zuhaitzak obran integratzen saiatu direla aurreratu zuen, edo behintzat hauek lekualdatzen saiatu dira. “Bestalde, ibilbide batzuk egokitu ditugu ale batzuk salbatzeko helburuarekin, edo, esan dugunez, obran integratzeko”.

Egun dituzten datuen arabera, 448 zuhaitz kentzea aurreikusi dute, eta horietatik 387 erretiratu dituzte jada. “Aurreikuspenek diote 56 zuhaitz kendu behar ditugula oraindik, momentuz obrak hasi ez diren lekuetan -3,4 eta 7 tarteetan-, eta 5 zuhaitz gelditzen dira 13. zatian”, gogoratu zuen zinegotzi ordezkariak.

Bestalde, lekualdatu dituzte 25 zuhaitz, eta horietako 4 obraren barruan mantendu dira, bai ibilbidean aldaketak eginez, baita geltokietan bertan integratuz. Proiektuak ere aurreikusi du, hauek hobetzearren, Txirula eta Txalaparta kaleetan dauden 108 arbola ordezkatzea. Hala ere, eta Barredok horren inguruan azaldu zuenez, “obren azken fasean baloratuko dugu operazio hau egiten dugun ala ez”. Bere hitzetan, eta Iturricharen galderei erantzunez, erretiratuko duten zuhaitz kopuru bera landatuko dute, eta lan egiten jarraituko dute balantzea positibo izaten jarraitzeko. “Politika berdearekin jarraituko dugu aurrera”.