- Lakuako frontoian egon diren 20 pertsonen egoera aztertu eta kudeatu du Gasteizko Udalak. Hala adierazi zuen atzo goizean ospatutako Gizarte Politiken, Adinekoen eta Haurren, Gazteriaren, Berdintasunaren, Bizikidetza eta Aniztasunaren eta Garapenerako Lankidetzaren batzordean, Gizarte politiken, Adinekoen eta Haurren saileko zinegotzi ordezkaria den Jon Armentiak. Baliabide hau 15ean itxi zuten, eta Armentiak Gurutze Gorriak egindako lana "eskertu zuen".
51 pertsonen egoera aztertu zuten guztira, eta horietako 31 Eusko Jaurlaritzak finantzatzen duen Lehen Urratsak programara bideratu zituen Gurutze Gorriak. Gainontzeko 20ak, Udalak kudeatu zituen. Elkarrizketak egin ondoren, 6 pertsona CMAS baliabidera eraman zituzten, eta beste lau Aterpera -momentu honetan bertan bizi direla aurreratu zuen Armentiak-.
"Bat besarkadan bizi da orain, eta beste hiruk udalak eskaintzen zizkien irteerak errefusatu dituzte -horietako bik baliabide ekonomikoak dituztela argudiatuta-", gehitu zuen. Gainera, elkarrizketetara hirian bizi ez ziren bi pertsona gerturatu ziren, haien hirietara bueltatzeko bidaia ordaintzeko eskatuz, eta jada ez daude hemen. "Azken hiru pertsonek ez ziren elkarrizketara gerturatu, eta ez zuten haien egoeraren berri eman", azpimarratu zuen zinegotzi ordezkariak bere hitzaldian.
Bestalde, eta Elkarrekin taldeak galdetuta, egoera zaurgarrian dauden familien inguruan hitz egin zuen Armentiak. Zentzu horretan, neurriak hartu dituztela eta hartzen jarraituko dutela adierazi zuen. "Ensanche 21-rekin akordio batera heldu gara etxebizitza bazterkeria-egoeran dauden familientzat alokairuzko etxebizitzak bideratzeko". Programa honetan, gizarte-alokairuzko 8 etxebizitza gehitu dira. Momentu honetan akordio honekin etxebizitza berriak gehitzeko aukerak bilatzen dabiltza.
Beste neurri batzuk ere hartu dituzte egoera honi aurre egiteko asmoarekin, eta horrela egoera zaurgarri honetan dauden familei laguntza eskaintzen jarraitzeko. "Ez dugu amore emango. Ez dugu inor atzean utziko guztiak gure radarrean daudelako; baina bizileku baliabidea ez da soilik konponbidea, baizik eta kudeatzen ditugun euskarrien artean aurki daitekeen tresna bat", azaldu zuen amaitzeko Armentiak.