- Indarkeria matxistako salaketak erdira jaitsi direla adierazi zuen ostegunean Emakundek. Hau da, konfinamendu egun hauetan emakumeek indarkeria matxista kasu gutxiago salatu dituzte. Hala ere, horrek ez du gizartean aldaketa positiborik islatzen, asko baitira atzean aurki daitezkeen arrazoiak. Horregatik, Emakundetik lanean ari dira egunotan emakumeak etxean indarkeria matxista biziz gero behar dituzten telefono zenbakiak zabaltzeko. "Telefono zenbakia ez da berria, baina konfinatutako egun hauetan komunikazioan errefortzu bat egiten ari gara, herritarrek jakin dezaten indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei arreta emateko zerbitzuak martxan jarraitzen dutela. Telefono bidezko arreta-zerbitzua da, profesional espezializatuek artatua. 51 hizkuntzatan eta entzumen eta hizketa-desgaitasuna duten pertsonei ere arreta ematen die. Zerbitzu hori berehalakoa, anonimoa, konfidentziala eta doakoa da, eta ez du arrastorik uzten telefono fakturan. Egunean 24 orduz dago eskuragarri, urtean 365 egunez", adierazi zuen atzo Emakundeko arduraduna Izaskun Landaidak egunkari honetan.

"Telefono horiek bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako gindarkeria matxistaren biktima diren emakumeentzat dira, baina honako egoera hauek ere artatzen dituzte bertara deituz: indarkeria fisikoa, psikologikoa edo sexuala, edo bikotekidea edo bikotekide ohia ez den familiako edo inguruneko gizonen baten zaintzarik eza; erasoa, abusua, jazarpena, exhibizionismoa eta sexu-probokazioa, prostituzio behartua, emakumeen eta neskatoen salerosketa, emakumeen mutilazio genitala eta ezkontza behartuak edo sexu-jazarpena, besteak beste. Informazio eta aholkularitzarako telefono bat da. Hala ere, larrialdiren bat gertatuz gero, 112 zenbakira deitzea gomendatzen dugu". , zehaztu zuen Landaidak.

Modu horretan, Emakunde, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailarekin eta Segurtasun Sailarekin batera, lanean ari da mutil-lagunengatik edo senarrengatik eraso fisikoa edo emozionala jasaten duten emakumeentzat beharrezkoak diren telefonoak zabaltzeko eta gogorarazteko. Dibulgazio horretarako Gasteizko establezimenduetan jartzen ari diren eta sei hizkuntzatan dauden hainbat kartel ere egin dituzte. "Kartel informatiboak egin dira euskaraz, gaztelaniaz, frantsesez, arabieraz, portugesez eta errumanieraz, non biktimei 24 orduz arreta emateko telefonoaren berri ematen den", azaldu zuten atzo ere Emakundetik. Tratu txarrak jasan dituzten emakume guztientzat larrialdietarako telefonoa honako hau da: 900 840 111. Hala ere, Landaidak gomendatu bezala, larrialdi kasuetan 112 zenbakia erabiltzen jarraitu behar da.

Gainera, dibulgaziozko karteletan gogorarazten da 112 larrialdiko telefono mugikorretarako aplikazioa ere martxan dagoela, entzumen edo hizketa zailtasunak dituzten pertsonentzat eskuragarri, eta GPS sistemaren bidez errazago aurki daitekeela. Alde horretatik, zerbitzu guztiak martxan daude, nahiz eta egunotan aparteko premiarik identifikatu ez duten arren.

Emakundek ostegunean jakinarazi zuen indarkeria matxistako salaketak erdira jaitsi direla Euskal Autonomia Erkidegoan, aurreko bi urteetako datuekin alderatuta. Datuak Eusko Jaurlaritzako Segurtasun sailetik lortu zuten, beraiekin bilera bat egin eta gero. Jaitsiera arrazoitzeko, Emakundetik hainbat hipotesi dauzkate dagoeneko. Batetik, Batetik, tratu txarrak ematen dituztenekin bizi diren emakumeen kasuan, salaketa jartzeko zailtasuna bera eta hori egiteko beldurra. Bestetik, emakume askoren kasuan, erasotzailea etxe berean bizi ez den bikotekide ohia da; beraz, ez daude etxe berean konfinatuta.

Izaskun Landaida Emakunderen zuzendariaren hitzetan, "ez da ahaztu behar azaleratu ohi ez diren ezkutuko kasuak identifikatzeko zailtasuna; hala ere, jaitsieraren balizko arrazoien artean, erasotzailearekin bizitzen ari den bitartean salatzeko zailtasunak eta beldurra izan daitezkeela uste dugu. Guk mezu hau helarazi nahi diegu: sentitu behar dutela ez daudela bakarrik, eta laguntzeko prest gaudela".

Bestalde, ziurtatu du Emakunde ere «egun hauetan aparteko premiarik identifikatu ez den arren, prest daude neurri osagarriak, beharrezkoak izanez gero martxan jartzeko». Izaskun Landaidak gaineratu du, bildutako informazioaren arabera, aldundiek ematen dituzten zerbitzuak eta baliabideak alertaren eskakizunetara egokitu direla, baina oraingoz ez dutela muturreko egoerarik antzeman, ezta aparteko eskaerarik ere.

Laguntza. Emakundetik lanean ari dira egunotan emakumeak etxean indarkeria matxista biziz gero behar dituzten telefono zenbakiak zabaltzeko.

Zenbakia. Tratu txarrak jasan dituzten emakume guztientzat larrialdietarako telefonoa honako hau da: 900.840.111. Egoera larrietan, 112ra deitu.