Arabako Foru Aldundiak 2025. urtean antolatu dituen ingurumen hezkuntzako eta sentsibilizazioko jardueretan 6.000 ikaslek baino gehiagok hartu zuten parte. Natura-ondarea babesteko eta klima aldaketaren aurka borrokatzeko kontzientzia kolektiboa piztea eta erantzunkidetasuna bultzatzea izan dute helburu jarduerok.

Horrela, foru erakundeak hainbat jarduketa egin ditu ingurumen sentsibilizazioan, dibulgazioan eta prestakuntzan zuzenean kudeatzen dituen espazioetan, hala nola Arabako lau parke naturalen interpretazio zentroetan eta Martiodako Faunaren Suspertegian.

Saray Zarate Arabako Aldundiko Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren foru diputatuak adierazi duenez, "pasa den urtean zehar, ekipamendu horiek naturaren kontserbazioa eta jasangarritasuna herritarrei hurbiltzeko funtsezko tresna gisa duten zeregina sendotu dute, ikasleentzako, kolektibo espezifikoentzako eta publiko orokorrarentzako hezkuntza programen bidez".

Hain zuzen, 4.968 ikaslek hartu dute parte 2025ean ikastetxeentzako ingurumen hezkuntzako jardueretan Valderejoko, Gorbeiako, Izkiko eta Aizkorri-Aratzeko parke naturaletako interpretazio zentroetan, gehienak Arabako ikastetxeetakoak. Gainera, 5.713 helduk bisita gidatuak egin dituzte, batez ere mendi taldeekin antolatutako jardueren bidez.

Urtean zehar 64 jarduera antolatu dira asteburuetan, hala nola tailer tematikoak, hitzaldiak, azokak eta txango interpretatuak, eta, guztira, 2.739 parte hartzaile izan dira. Nabarmentzekoak izan dira Izkiko astronomia jarduerak eta gaztaina azoka, anfibioei buruzko gaueko bisita gidatuak eta marrualdian egindakoak Gorbeian, oinezko ibilaldia eta San Lorentzo erromeria Valderejon, eta saskigintza tailerra eta eraztuntze tailerra Aizkorri-Aratzen.

MARTIODA

Bestalde, Martiodako Faunaren Suspertegian ingurumen hezkuntza eta sentsibilizazio lanarekin jarraitu dute 2025ean, basa fauna artatzeko eta hura suspertzeko eginkizun nagusiaren osagarri. Horretarako, 38 hezkuntza eta dibulgazio jarduera egin dituzte zentroko langileek, eta 950 pertsonak hartu dute parte, eskoletako ikasleak nahiz zentro okupazionaletako eta eguneko zentroetako erabiltzaileak tartean.

Guztira, 540 pertsonak hartu dute parte zentroan egiten den lanaren berri eman duten jarduera horietan

Kopuru horri zentroaren 50. urteurrenaren berariazko agenda gehitu behar zaio: programatutako lau askatze, basa fauna suspertzeko zentroei buruzko biltzar bat eta azaroko ostegunetan Ignacio Aldecoa Kultura Etxean egin ziren hitzaldiak. Guztira, 540 pertsonak hartu dute parte zentroan egiten den lanaren berri eman duten jarduera horietan.

Garaio Parke Probintzialeko informazio bulegoak ere ahalegin handia egin du ingurumen hezkuntzaren arloan, eta 2025ean Euskal Autonomia Erkidegoko 814 ikaslek hartu dute parte eskola kanpainan. Gainera, 1.191 pertsonak hartu dute parte ingurumen interpretazioko 146 jardueretan, besteak beste.

"Arabako Foru Aldundiaren ustez, ingurumen hezkuntza ardatz estrategikoa da lurralde eredu jasangarriago, kontzienteago eta natura ondarearen babesarekin konprometituago baterantz aurrera egiteko", azpimarratu du foru diputatuak.

Bere iritziz, "programa horiei esker, herritarren inplikazio aktiboa sustatzen da, bereziki belaunaldi gazteenen artean, Arabako ingurune naturalaren ezagutza, biodibertsitatearekiko errespetua eta natura ingurunearen zaintzan".