Arabako Foru Aldundiko gobernu kontseiluak onartu du Amurrion dagoen Armuruko San Anton adinekoentzako foru egoitza handitzeko eta eraberritzeko obrak esleitzea 1.342.638 euroan.

Hain zuzen ere, foru erakundetik jakinarazi dutenez, Gizarte Politiken Sailak proposatuta, Construcciones Castellano S.A. enpresari esleitu dizkio lanak, egikaritzeko sei hilabeteko epearekin, zuinketa egiaztatzeko akta sinatzen denetik aurrera.

Lehenengo lizitazioa hutsik geratu zen, eta, beraz, Arabako Aldundiko gobernukKontseiluak beste kontratazio espediente bat onetsi zuen joan den ekainean.

39 plaza dituen Amurrioko egoitzaren lanek beheko solairua handituko dute hegoaldean, eta horrela, egongela-jangela zabalagoa izango da eta sarbide nagusiaren ondoan espazio berri bat sortuko da, bisita gela izateko egungo beharrari erantzuteko.

GELAK

Era berean, zirkulazio eta komunikazio espazioak berrantolatuko dira, gelei erosotasun eta pribatutasun handiagoa emanez. Sukaldearen eta egongela-jangelaren arteko zuzeneko lotura berreskuratuko da, eta igarobide atari berri bat sortuko da. Handitzen den zatiaren sabaiari esker terraza bat ere sortuko da lehenengo solairuan.

Lekuz aldatu edo egokitu behar diren espazioak berrantolatuko dira, hala nola ile apaindegia eta podologia, errehabilitazio gela, bulegoa eta bilera gela, eta guztiak beheko solairuan bateratuko dira.

Egungo igogailu hidraulikoaren ordez beste igogailu mekaniko bat jarriko da

Gainera, egungo igogailu hidraulikoaren ordez beste igogailu mekaniko bat jarriko da, eta beheko solairuko komunak indarrean dagoen irisgarritasun araudira egokituko dira. Era berean, eraikinaren eraginkortasun termikoko baldintzak hobetuko dira. Guztira, zabaldutako azalera 300 metro koadrokoa izango da.