Eraldaketa komunitarioko bulegoak (EKB Araba) komunitate energetikoei buruzko jardunaldiak diseinatu ditu irailerako, industria sektorearentzat. Lehenengoa irailaren 10ean izango da, Laudioko Arraño aretoan, goizeko 10:00etan, eta bigarrena, berriz, Añanako enpresentzat izango da, eta linean egingo da, hilaren 24an, 10:00etan.

Topaketa horien helburu nagusia da "Aiarako eta Añanako enpresei komunitate energetikoak sortzearen bideragarritasuna ezagutzera ematea, trantsizio energetikoa eta deskarbonizazioa bultzatzeko, eta haien banakako lehiakortasuna hobetzeko, industrialdeetan tokiko energiaren sorkuntza elkarlanean kudeatuz", nabarmendu du Saray Zarate Ekonomia Garapenaren eta Jasangarritasunaren Saileko diputatuak.

EKB Arabak herritarrek, udalek, administrazio batzarrek, kuadrillek eta ETEek egindako 200 kontsulta ingururi erantzun die abian jarri zenetik. Gehienak honako hauekin lotuak izan dira: komunitate energia abian jartzea; komunitate energetiko batek egin ditzakeen jardueren tipologia; komunitatearen gobernantza, sustapena eta garapena; finantzaketa eta laguntzak, besteak beste. Eguzki teknologia fotovoltaikoari, haren funtzionamenduari eta autokontsumo modalitateei buruzko kontsultak ere izan dira, eta komunitate energetikoen barruan bideragarritasun tekniko-ekonomikoa aztertzeko eskaerak ere bai.

Gaur egun, gero eta talde gehiagok dute interesa komunitate energetiko bat sortzeko, edo lehen urratsak eman dituzte, eta "EKBren aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzuak aprobetxatzen ari dira iturri berriztagarrietatik sortutako energia propioa sortzeko proiektuak bultzatzeko", nabarmendu du Saray Zárate foru arduradunak.

EKB Arabak, abian jarri zenetik, guztira 38 jardunaldi egin ditu herritarrentzat, komunitate energetikoak ezagut ditzaten, bai eta tailer espezifikoak ere. Honako ekitaldi hauek ere aurreikusi dira irailerako:

-   Bigarren tailerra Aiaraldean, "Komunitate energetikoek egin ditzaketen ekintzak" izenekoa; Arrañoko Kultura Etxean, Laudion, irailaren 10ean, 18:30ean.

-   "Komunitate energetikoaren mahai ingurua" Aiaralderako, Aiarako Udaletxean, irailaren 18an, 18:00etan.