Arabako aldirietako tren zerbitzu berrirako txartelak salgai daude dagoeneko, hala orain arte dauden zirkulazioetarako, prezio merkeagotuekin, nola maiatzaren 30etik martxan hasiko diren berrietarako, Eusko Jaurlaritzatik eta Arabako Aldunditik jakinarazi dutenez.
Erabiltzaileek noizbehinkako txartelak erosi eta zerbitzuari buruzko informazio gehiago jaso ahal izango dute Renferen geltokietan eta webgunean eta erabiltzaileei aurrez aurreko arreta emateko Gasteizko eta Miranda Ebroko bulegoetan.
Maiatzaren 30etik aurrera, trazatuaren udalerri guztietan dagoeneko ezarrita dagoen Ares arreta telematikoko sistemaren bidez ere erosi ahal izango dira txatelak. Geltokietako atarietan instalatutako makinek aukera ematen dute Renfeko langileekin telematikoki konektatzeko, euskaraz eta gaztelaniaz. Renfeko langileek bideo-dei bidez erantzungo diete eskaerei, eta eskatutako txartelak emango dituzte.
Eusko Jaurlaritzako Mugikortasun Sailak urtarrilaren 1etik kudeatzen ditu aldiriak, eta Renfek jarduten du. Bada, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerbitzuei beste bat gehituko die, Arabako Lautadatik igaroko dena, lehendik dagoen trazatuan, linea-buruak Miranda de Ebro eta Altsasu direla.
Zerbitzuak tarifa berriak eta maiztasun gehiago izango ditu maiatzaren 30etik aurrera. Asteko 137 zirkulazioetatik, %48 berriak izango dira edo gaur egun baino ibilbide luzeagoa izango dute, lehen orduan, eguerdian eta arratsaldean tren berriekin astegunetan, eta zerbitzu berriekin asteburuetan. Gainera, noizbehinkako txartelen prezioek %30erainoko deskontuak izango dituzte ibilbidearen arabera.
Orobat, zerbitzuaren erabiltzaile berriek erabateko doakotasunaz gozatu ahal izango dute, aldirietan eta distantzia ertainean ezarritako bonuekin, ekainaren 30era arte; neurri koiunturala da, Espainiako Gobernuak ezarria, Ukrainako inbasioaren eta 2022ko irailean izandako prezio igoeraren aurrean, eta indarrean jarraitzen du hainbat luzapenen ondoren.
Ordainketa indarrean dagoen bitartean zortzi bidaia egitean lortuko da doakotasuna, 20 euroko fidantzarekin. Fidantza epe hori amaitu eta eskatutako gutxieneko bidaia kopurua bete ondoren itzuliko da.
Trenean eserleku bat erreserbatzea beharrezkoa izango da, orain arte bezala, bidaia guztietan, guztiz berriak diren zerbitzuetan izan ezik.
Arabako aldirietako zerbitzu berriak geraldiak egingo ditu tarte horretan geltokiak dituzten bederatzi udalerrietan (Manzanos, Argantzun, Iruña Oka, Dulantzi, Agurain eta Araia).
Arabako aldirietako tarifei, ordutegiei, bidai-erosketei eta bidaien baldintzei buruzko informazioa Renferen webgunean dago: https://www.renfe.com/es/eu/cercanias/cercanias-alava. Halaber, bidaiariek 944 879 222 telefonoa dute eskuragarri zerbitzuaren inguruko gorabeherak jakiteko eta informazioa jasotzeko.