Gasteizko Azkena Rock Festival jaialdia Amurriora eta Bastidara iritsiko da aurten Araba ARF Tour ekimeneko doako programazioaren bidez. Letagin eta Nukore taldeak arituko dira Amurrion larunbatean, maiatzaren 17an, eta Nightwaves eta The Clayton Bastidan ekainaren 14an.

Antolatzaileek jakinarazi dutenez, jaialdiaren atarikoa da Araba ARF Tour, eta laugarren urtez jarraian antolatu da Arabako Foru Aldundiaren eta Amurrioko eta Bastidako udalen eskutik.

Horrela, Oñatiko Letagin eta Gasteizko Nukore ariko dira Amurrion larunbatean, maiatzaren 17an. Oñatiarrek hard rock eta stoner musika egiten dute, eta gasteiztarrek 20 urte baino gehiago daramate musikaren munduan eta metal alternatiboa egiten dute.

Ekainaren 14an Bastidan izango dira kontzertuak: Nightwaves bilbotarrekin amerikar indie ukitua duen rock musikaz gozatzeko aukera izango da, eta Amurrioko The Clayton taldekoek beren rock and rolla eskainiko dute.

Azkena Rock Festival jaialdiaren antolatzaileek eskerrak eman dizkiote Arabako Foru Aldundiaren Kultura Sailari, "bere inplikaziorik gabe ezinezkoa izango litzatekeelako Azkena Rock Festival jaialdiarekin batera antolatutako ekimen hau egitea".

Era berean, eskerrak eman dizkiete Amurrioko eta Bastidako udalei, "ARF jaialdiaren sugarra urtez urte Arabako herrietara daramaten kontzertu hauek euren herrietan egiteko interesa agertu dutelako eta egitasmoa gauzatu dutelako".

Azkena Rock Festival ekainaren 19an, 20an eta 21ean izango da Gasteizko Mendizabalan, eta, besteak beste, John Fogerty, Manic Street Preachers, Dinosaur Jr., The Flaming Lips, Public Image Limited, The Damned, Melissa Etheridge, Lucinda Williams, Turbonegro, Margo Price, Richard Hawley edota The Hellacopters bilduko ditu.