Gasteizko Udaleko Gizarte Politiken Saileko Adineko Pertsonen Zerbitzuak asteburuko plazen eskaintza handitu du eguneko arreta zerbitzuetan, eta 15 plaza berri eskainiko ditu 60 urtetik gorako pertsona zaurgarrientzat eta mendekotasuneko 1. maila aitortuta dutenentzat (hamar Blas de Otero kaleko zentroan eta bost Tomas Zumarraga Dohatsua kalekoan). Familia zaintzaileentzako atseden hartzeko toki gisa ere erabil daitezke plaza berriak.

Gasteizko Udaleko iturriek jakinarazi dutenez, adin muga 60 urtera jaitsi da, eguneko arreta zerbitzuetara sarbidea izateko adinaren baldintza betetzen ez duten 60 eta 65 urte bitarteko pertsonei estaldura emateko.

Plazak lortu ahal izateko, erabiltzaileak lan egoera ez-aktiboan egon behar dira, eta astean zehar beren arreta eta sozializazio beharrak beteta izan behar dituzte. 1. mailatik hasi eta 39 puntura arteko arrisku edo mendekotasun egoeran egotea ere eskatzen da; dena den, zaurgarritasun egoeran egon arren, mendekotasuna aitortuta ez dutenek ere erabil dezakete zerbitzua.

Erabiltzaileak larunbat, igande edo asteburu osoan joan daitezke, beren lehentasunaren eta beharraren arabera, eta eguneko arreta zerbitzuek eskaintzen dituzten prestazio guztiak erabili ahal izango dituzte (mantenua, asteko bainua, jarduera programa eta abar).

Plazak hurbileko zerbitzu gisa pentsatuta daude, hau da, batez ere zentrotik gertu bizi diren eta oinez joan daitezkeen pertsonei zuzenduta daude. Hala ere, egokitutako garraio zerbitzua eskatu daiteke, pertsonak ezin badu bere kabuz joan (eskaerak oinarrizko gizarte zerbitzuen bidez izapidetu behar dira).

Lucho Royero Gizarte Politiken zinegotziak azaldu duenez, berritasun gisa, "asteburuko plaza horietan, adin edo mendekotasun baldintza ez betetzeagatik zerbitzuetarako eskubide subjektiborik ez duten pertsona zaurgarriak sartzen dira".

Gasteizko Udalak eguneko bost arreta zerbitzu ditu: Blas de Otero eta Tomas Zumarraga Dohatsua kaleetakoekin batera, bana daude San Prudentzio Adinekoei Laguntzeko Zentro Integralean, Olarizuko Santa Marian eta Berpizkundearen plazan.