LAIA Emakumeen Jabekuntzarako eta Berdintasunerako Arabako Sareak ikasturte berria hasi du, era guztietako jarduerekin osatutako programa zabalarekin, indarkeria matxistaren prebentzioarekin lotutakoak nabarmenduz. Jarduerak lurraldeko kuadrilla guztietan egingo dira, sentsibilizazio eta kontzientziazio ekintzen bidez.
Hala azaldu du asteazken honetan Jone Berriozabal Arabako Aldundiko Berdintasun, Euskara eta Gobernantzako foru diputatuak, LAIA sarearen zortzigarren urtearen aurkezpenean, Joana del Hoyo Berdintasunaren eta Giza Eskubideen foru zuzendariarekin batera.
"Arabako lurralde osoko berdintasun politiken proiektu integratzaile eta partaidetzazkoa da, eta modu aktiboan parte hartzen dute kuadrillek, udalek, toki erakundeek, emakumeen elkarteek, berdintasunaren eta sexu aniztasunaren aldeko elkarteek, GGKEek, mugimendu feministak eta beste erakunde batzuek, bai eta Arabako Foru Aldundiak ere", esan du.
LAIAk askotariko dinamikak, espazioak eta prozesuak bultzatzen dituela adierazi du, baina guztiek gutxienez helburu bat partekatzen dutela, "emakumeen ahalduntze indibiduala, soziala eta kolektiboa", hain zuzen ere. Horrela, iragarri du ikasturte berrian "beste bultzada bat" emango zaio sarearen asmoari, alegia, "benetako berdintasuna lortzeko bidean gero eta aliatu gehiago izango dituen gizarte sarea eratzen jarraitzeari".
Iaz, 13.500 pertsonak parte hartu zuten LAIAn, eta guztira 364 jarduera egin ziren Araba osoan. Kopuru horiek lortu edo gainditu nahi dira hasi berri den ikasturtean. Besteak beste, hitzaldiak, antzerkia, topaketak, ikastaroak, jardunaldiak, eztabaidak eta solasaldiak, prestakuntza lantegiak, zine-forumak, irakurketa feministako klubak, berdintasunaren aldeko ibilaldiak, bakarrizketak, kaleko ikuskizunak eta jolas jarduerak, eta kultura jarduerak eta emakumeek kiroletan parte hartzearekin lotutakoak izango dira egitarauan.
"LAIAk aliantzak eratzen jarraitzen du, Araba lurralde bidezkoago eta berdinzaleago, askotarikoago eta indarkeriarik gabeko bihurtzeko, eta prozesu kolektiboak nahiz elkarrizketarako, hausnarketarako eta hazkunderako guneak sendotzeko. Eta emakumeen ahalduntze prozesu horietan laguntzen dugu haien partaidetza soziopolitikoa indartuko duten tresna eta ekimenekin", azaldu du.