Ikasturte berrian Gasteizko gizarte etxeetan eta kirol instalazioetan egingo dituzten jardueretarako plazak esleitzeko zozketa egin da ostegun honetan San Martingo udal bulegoetan, BIZAN sarean egiten diren jardueretako batzuk ere barne hartuta, eta eskainitako 33.612 plazetatik 29.747 esleitu dira, hau da, guztien %76,74. Fase honetan 22.090 pertsonak lortu dute plaza.
Pandemiak eragindako beherakadaren osteko goranzko joerarekin bat etorriz, aurten ere gora egin du eskatzaile kopuruak, eta 28.785 pertsonara iritsi da. Horietako %71k udal webgunearen bidez egin dute eskaera, Gasteizko Udaletik jakinarazi dutenez.
Zozketan esleitutako plazak formalizatzeko epea irekita dago irailaren 11 arte. Libre geratzen diren plazak irailaren 13tik aurrera kontsultatu ahalko dira, eta horietan izena emateko epea ezberdina izango da jardueraren arabera: kirol jardueren kasuan, irailaren 17ko 08:30etik aurrera, eta gainerako jardueren kasuan, irailaren 19ko 08:30etik aurrera. Tramitazio hori udal webgunearen bidez, 010 telefonora deituta edo gizarte etxeetan aurrez aurre egin ahal izango da, langileekin edo autotramitaziorako makinetan.
Miren Fernandez de Landa Gasteizko Udaleko Gobernu Irekiaren eta Gizarte Etxeen zinegotziak oso modu positiboan baloratu du 2024-2025 ikasturterako proposatutako jardueretan parte hartzeko interesa agertu duten pertsonen kopurua.
Bere hitzetan, "oso pozgarria da urtez urtez hiritarrek euren konfiantza gugan jartzen jarraitzea eta gizarte etxeetan eta beste udal instalazio batzuetan egiten den eskaintzarekiko horrenbesteko interesa agertzea. Parte hartzen dugun sailek etengabeko ahalegina egiten dugu hobetzeko eta sortzen diren beharretara egokitutako jarduerak eta ordutegiak eskaintzeko. Ildo horretan lanean jarraituko dugu, egoerak eskatzen duen moduan jokatzen jarraitzeko eta gizarte etxeak auzoetako ardatza izaten jarraitzeko".