Alavabusen errepide bidezko herri arteko garraioaren foru lineetako bidaiarien kopurua, 2024ko lehenengo seihilekoan, % 15,4 handiagoa izan da, batez beste, iazko aldi berean baino. 1,1 milioi pertsonak baino gehiagok erabili dute zerbitzu publiko hori urtarriletik ekainera bitartean, emakidetan zerbitzu eskaintza pixkanaka handitu ondoren.
Jon Nogales Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Saileko foru diputatuak datu horien balantze "oso positiboa" egin du, kontuan hartuta 2023 "bidaiarien errekor historikoaren urtea" izan zela; arabarren konfiantza eskertu du eta hazkunde hori egotzi dio azken urteetan bidaia eta maiztasun gehiagoko kalitatezko zerbitzu publikoa eskaintzeko garatu den etengabeko hobekuntzako estrategiari eta deskontu sistema anbiziotsu eta erakargarriari.
Horiek horrela, Nogalesek nabarmendu du urtarriletik ekainera bitartean izandako eskariaren hazkundea bat datorrela abian jarri izanarekin "deskontu progresiboko sistema berria, zeinak ohiko bidaiariak saritzen baititu txartel arruntaren prezioaren % 72ra arteko hobariekin. Sistema hori BAT txartel pertsonalizatuan oinarritzen da, eta harrera ona egin diote arabarrek; izan ere, lehen seihileko honetan Alavabusen egindako hiru bidaiatik bati hobari horiek aplikatzen zaizkio."
"Eskariaren bilakaerak erakusten du sistema hori, BAT txartel anonimoarekin aplikatzen den aparteko % 50eko deskontuarekin batera, betetzen ari dela helburua, alegia, garraio publikoaren erabilera sustatzea, ibilgailu pribatuaren alternatiba gisa, eta, horrela, mugikortasun jasangarriago baterantz aurrera egiten laguntzen ari dela", erantsi du.
Guztira, 1.102.938 bidaiarik erabili dituzte 2024ko lehen seihilekoan Gasteiz Arabako eskualdeekin eta probintzia mugakideetako herriekin lotzen duten Alavabusen hogei lineak, Arabako Foru Aldundiak kudeatzen dituen Bilbo-Logroño eta Bilbo-Iruñeko ibilbide luzeko bi lineak barne. Horrek esan nahi du 2023ko lehen seihilekoan baino % 15,4 bidaiari gehiago izan dela.
Hogei linea horiek biltzen dituzten emakida guztiek goranzko bilakaera izan dute urteko lehen seihilekoan. Araba Erdialdeko emakidak Gasteiz eta Agurain, Dulantzi, Langraiz Oka eta Santikurutze Kanpezu lotzen dituzten lineak biltzen ditu, eta besteen aldean nabarmendu da. Izan ere, % 33ko igoera izan du eskarian, batez ere 2023ko maiatzean Arabako hiriburuaren eta Agurainen arteko ibilbidea 5. linean sartu izanari esker.