Zulueta jauregiko zaharberritze-lana + Historia sarietako izendatuetako bat da, eraikinen birgaitze onenaren kategorian. Hain zuzen ere, Historia National Geographic aldizkariak antolatutako irakurleen sarien lehen edizioa izango da hau.

Sari berri horien helburua da “historiarekin, ondarearekin eta kulturarekin lotutako dibulgazioa eta sustapena aitortzea”, antolakuntzak Vitoria-Gasteizko Udalari bidali dion idatzian irakur daitekeenez. Idatzi horretan bertan azaltzen da Zulueta jauregia zaharberritzeko-lanak sarietarako hautagai bihurtu direla.

Jauregia XX. mendearen hasieran eraiki zuten eta hura berritzeko lanak 2022an egin zituzten. Fernando Bajo eta Víctor de Blas arkitektoak izan ziren proiektua idaztearen eta lanak zuzentzearen arduradunak.

Sari berri horien helburua da “historiarekin, ondarearekin eta kulturarekin lotutako dibulgazioa eta sustapena aitortzea”

Harriz egindako etxetzarrean egindako lan ugarien artean, estalkiaren, zorrotenen eta kanpoko terrazen konponketa partziala egin zuten. Gainera, arotzeria eta elementu osagarriak (hala nola kontraleihoak) zaharberritu edo ordezkatu zituzten, eta, horri esker, hermetikotasuna bermatu zen. Bestalde, beirak ere ordezkatu egin zituzten.

Luminaria guztiak ordezkatu eta egungo araudiaren araberako klimatizazio-sistema berria instalatu zen

Hala, energia-eraginkortasuneko kode teknikora egokitu ahal izateko, luminaria guztiak ordezkatu eta egungo araudiaren araberako klimatizazio-sistema berria instalatu zen.

Kontserbazio estrukturaleko eraikin gisa katalogatuta dago Plan Orokorrean, eta hori funtsezkoa izan da berregokitze-lanetarako. Proiektua garatzeko garaian, Arabako Foru Aldundiko Zaharberritze Zerbitzuak egindako oharrak hartu zituzten kontuan.

Birgaitze-prozesua amaitu ostean, Zulueta jauregian daude gaur egun Ingurumen Gaietarako Ikastegiaren (CEA), 21 Zabalgunearen eta Gilsaren bulegoak.