Kultura eta Kirol Sailak ebatzi du 2024ko ekitaldirako dirulaguntza ematea Arabako Lurralde Historikoko eta Trebiñuko enklabeko elementu txikiak kontserbatzeko eta zaharberritzeko esku hartzeak egiteko. Hain zuzen, tipologia desberdineko hamar elementu txiki (iaz baino lau gehiago) diruz lagunduko ditu 155.000 eurorekin.
Kultura eta Kirol Sailaren helburuetako bat da diruz laguntzea elementu txikiak, ermitak zein eraikinak kontserbatu eta/edo zaharberritzeko esku hartzeak sustatzeko toki erakundeek bultzatzen dituzten ekimenak, hartara sailak gure ondare arkitektonikoa kontserbatzeko eta zaharberritzeko duen konpromisoa ziurtatuz.
Aste honetan argitaratu den deialdia elementu txikiena da, hain zuzen ere. 155.000 euroko dirulaguntza emango da, baina toki erakundeen 222.516,24 euroko guztizko inbertsiorako. Hau da, Foru Aldundiak haren % 69,66 hartu du bere gain.
Iaz sei proiektu lagundu ziren diruz, guztira 150.000 euroko zenbatekoarekin. 2022an hiru izan ziren, 136.000 euroko foru inbertsioarekin. Hau da, azken urteotan 19.000 euro handitu da partida. Izan ere, toki erakundeetako elementu txikiak, ermitak eta eraikinak kontserbatzeko eta zaharberritzeko dirulaguntzen deialdia pixkanaka handitzen joan da hiru ekitaldietan, eta gaur egun 400.000 euro inbertitzen dira. Horri esker, azken lau ekitaldietan 63 esku hartze egin dira, Aldundiak milioi bat euro baino gehiago inbertituta. Oraingoan 73 izango dira, abuztuan ezagutaraziko diren eraikinak eta baselizak jendaurrean jartzeko zain.