Trapezistak programa 2022an sortu zen, baina pandemia betean diseinatu zen proiektu pilotu batetik sortu zen. Programak familia-sarerik ez duten gazteei gizarteratzeko eta helduarorako trantsiziorako ibilbidean laguntzen die. 2023an programa berriz hazi zen, bai Hirugarren Sektore Sozialeko erakundeen kopuruan, dagoeneko 25 baitira erakunde laguntzaileak; bai lagundutako pertsonen kopuruan, guztira 606 baitira; bai eta emantzipazio-helburuak lortu dituzten eta ibilbidea arrakastaz amaitu duten gazteen kopuruan ere, guztira 149.
Trapezistak kooperazio publiko-sozialaren adibide da, eta Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren Sailarekin batera Laudion, Amurrion, Gasteizen, Hernanin, Tolosan, Donostian, Barakaldon, Getxon, Etxebarrin, Arrigorriagan eta Bilbon gazteekin esku hartzen duten hiru lurraldeetako 25 gizarte-erakundek parte hartzen dute. Helburua da laguntza-eredu bat diseinatzea eta pilotatzea gazteriaren eta migrazioen politika normalizatuen barruan, ekintza positiboko programa batean oinarrituta. Programa horrek familia-sarerik ez duten gazteei laguntza ematen die gizarteratzeko eta helduarorako trantsiziorako ibilbidean, hiru jarduera-irizpideren arabera: pertsonalizazioa, integraltasuna eta sektoreen arteko lankidetza.
2023an 606 gazteri lagundu zien programak, 559 gizonezkori eta 47 emakumezkori (% 8). Pertsona horien % 40, 242, parte-hartzaile berriak izan ziren programan. Gainera, 206 pertsonak utzi zioten Trapezistak programaren laguntza jasotzeari, horietako gehienek, % 72k, emantzipatzeko helburuak lortu zituztelako eta euren kabuz mantentzen hasi zirelako: 149 pertsona. Gainerako irteeren arrazoiak izan ziren parte-hartzaileek programa uztea, irteera adostuak helburuak lortu ez arren eta kanporatzeak arauak ez betetzeagatik.