Eraldaketa Energetikorako Bulegoak energia komunitateak sortzeko eta martxan jartzeko informazioa eta aholkularitza eskainiko dizkie herritarrei Gasteizen astelehen honetatik, uztailaren 15etik, Zulueta jauregiko lorategietan.
Gasteizko Udaletik zehaztu duenez, herritarrei ez ezik, aholkularitza bulegoak "industriari, ETEei edo saltokiei ere zuzendutako dinamizazio, laguntza eta babes funtzioak izango ditu, gure udalerriko hiriguneetan, landatar eremuetan eta industrialdeetan energia komunitarioko proiektuak sortzeko".
Bulegoa Zulueta jauregiko lorategietako atzealdean egongo da; astelehenetik ostegunera 10:00etatik 14:30era eta 17:00etatik 20:00etara egongo da zabalik, eta ostiraletan 09:00etatik 15:00etara. Bideratutako jardueren helburua izango da "kontsumo txikiko eredu eraginkorrerako trantsizio energetikoa egitea, udalerrian bertan sortutako energia berriztagarrietatik abiatuta".
Horretarako, besteak beste, aholkularitza emango du energia komunitateak eratzeko eta jardunean jartzeko proiektuak bultzatzearekin zerikusia duten gai tekniko, administratibo edo juridikoei buruz.
Leihatila bakar gisa funtzionatuko du eta energia komunitarioko proiektuak martxan jartzeko moduari, komunitate energetiko batek bidera ditzakeen jarduerei, energia komunitatea sustatzeko eta garatzeko ekintzei, komunitatearen forma juridikoei buruzko aholkularitzari, finantzaketari, bideragarritasun azterketei eta elektrizitatearen eta gasaren fakturak gutxitzeko laguntzei eta aholkularitzari buruzko informazioa emango du.
Gainera, prestakuntza ikastaroak ere eskainiko ditu, eta herritarrak sentsibilizatzeko jardunaldiak, mintegiak eta tailerrak antolatuko ditu auzo eta industrialdeetan.