Arabako Foru Aldundiaren Barriako aterpetxeak 40 urte bete ditu haur eta gazteak hartzen, eta denbora gehien daramaten langileek ere 40 urte daramatzate bertan lanean.
Urtemuga dela eta, Ana del Val Gazteriaren Foru Erakundeko presidente eta foru diputatua eta Juan Jose Rojo zuzendari kudeatzailea instalazioetan izan dira ostegun honetan.
Foru erakundeak 1970eko hamarkadan erosi zuen Barriako Santa Maria monasterioa, birgaitzeko eta erabilera publikorako birmoldatzeko, eta 1984ko ekainean inauguratu zuten gazte aterpetxe gisa.
Maribel Ochoa de Zuazola Murguiondo eta Yolanda Ochoa de Zuazola Murguiondo 1983ko ekainaren 24an hasi ziren lanean bertan, eta astebete geroago, duela 40 urteko uztailaren 1ean, Pili Segura Bengoechea. "Inguru honetako emakumeak, lan bizitza osoa Gazteriaren Foru Erakundearen zerbitzura daramatenak", nabarmendu du Del Valek.
Barriako aterpetxea eraikin historikoa da eta 150 plaza ditu. Bainugela duten logelak eta taldeentzako gelak, bilera gelak, baratze ekologikoa duen berdegunea, kirol zelaiak, haurrentzako jolas eremua eta udan irekita egoten den igerilekua ditu.
Udako kanpainan, Araba, Bizkai eta Gipuzkoako 560 haur hartzen ditu uztailean, eta abuztuan, aldiz, beste autonomia erkidego batzuetako gazteak, Gazte Bidaiak truke programaren bidez. Ikasturtean zehar, euskaran eta ingelesean murgiltzeko hiru barnetegi egiten dira: Arabaz Blai, Eco School eta Euskal Girotze Barnetegia. Asteburuetan, aisialdiko eta denbora libreko taldeak, abesbatzak, familiak eta abar hartzen ditu.