Arabako Foru Aldundiak 275.000 euro baino gehiago banatuko ditu lurraldeko 124 saltokiren artean, hobekuntza teknologikoko eta sareko salmentako proiektuak gauzatzen, lokalak eta ekipamendua modernizatzen eta irisgarritasun obrak egiten laguntzeko. Establezimenduen publizitate eta sustapen ekintzak ere finantzatuko dira.
Cristina Gonzalez Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatuak eta Felipe Garcia arloko zuzendariak prentsaurrekoa eman dute ostiral honetan, tokiko merkataritzarako bi laguntza lerro nagusien ebazpenaren berri emateko. Araban 11.000 pertsonari baino gehiagori lana ematen dien sektorearen lehiakortasuna bultzatzea dute xede helburu laguntzek.
Gonzalezek nabarmendu duenez, txikizkako merkataritza "funtsezkoa da gure herri eta hirietako ekonomiarako, enplegurako eta bizitzarako, eta laguntza lerro horiekin haren lehiakortasuna indartzen dugu, lokalak eta ekipamendua modernizatuz, digitalizazioa eta sareko salmenta bultzatuz, eta negozioa kudeatzeko programa profesionalak erabiliz".
"Lehentasuna ematen diegu digitalizazioko eta merkataritza elektronikoko proiektuei, uste osoa baitugu garrantzitsua dela sektorearen orainaldirako eta etorkizunerako, bezero berriak erakartzen baitituzte eta logistika hobetzen baitute", azaldu du.
Bada, lehenengo laguntza deialdiak inbertsio proiektuak finantzatuko ditu eta 122 saltokiri lagunduko die, 218.300 euro banatuta. Laguntzaren zenbatekoa diruz lagun daitekeen inbertsioaren %50 izango da, eta saltoki bakoitzeko muga 4.500 euro.
Programak bi esku hartze mota finantzatzen ditu. Finantzatutako inbertsio proiektuen heren bat negozioak digitalizatu ahal izateko sistemak hobetzearekin lotuta dago, baita sareko salmenta sustatzearekin ere, eta beste bi herenak lokalen ekipamendua eta irisgarritasuna hobetzeko inbertsio proiektuei laguntzeko izango dira.
Deialdiaren oinarriek 2.000 biztanletik beherako Arabako udalerrietako saltokiak ere hartzen dituzte kontuan, lurraldeko herri txikietako merkataritzari lehentasuna emateko. "Gure herrietako eta landa eremuko tokiko merkataritza funtsezko zerbitzua da, eta laguntza horiek lurraldeko bazter guztietara iristea bermatzen du irizpide horrek", esan du foru diputatuak.
Saltoki onuradunen erdiak Gasteizen daudela gogorarazi du -kontuan izan behar da sektorearen %80 hiriburuan dagoela-, baina beste erdiak udalerri txikiagoetan daudela, hala nola Amurrion, Laudion, Agurainen, Dulantzin, Asparrenean, Bernedon, Eltziegon, Iruña Okan, Bastidan, Maeztun, Murgian, Añanan, Gaubean edo Zigoitian".