Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak bigarren urtez antolatu du Kiroletik Bagoaz Euskaraz saria. Kirol munduan euskararen erabilera sustatzen duten praktika onak aitortzea du helburu, eta kirolean euskararen normalizazioaren aldeko lanean nabarmendutako pertsona, elkarte edo taldeen jarduna aintzatetsiko ditu.
Kirolean eta euskaran aditua den epaimahai batek hautagaitzak proposatuko ditu eta sariaren irabazlea erabakiko du
Sariaren deitzaileek gogorarazi dutenez, Aritz Olagoi izan zen lehenengo edizioaren irabazlea. Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Psikologian aditua da Olagoi, eta euskara kirolean sustatzeko hainbat egitasmo propioren sortzailea. Kirol Entrenamenduetan Euskara Sustatzeko Metodologia garatzeagatik jaso zuen saria, batez ere.
Kirolean eta euskaran aditua den epaimahai batek hautagaitzak proposatuko ditu eta sariaren irabazlea erabakiko du. Guztira, bederatzi hautagaitza aurkeztu beharko dira, lurralde historiko bakoitzeko hiruna.
Kirolean euskararen gizarte erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren erakunde edota kirol elkarteak (pertsona juridikoak), edo kirolean euskararen gizarte erabilera babestu, sustatu edo hedatzeko zereginetan nabarmendu diren pertsonak (adituak, ikerlariak, entrenatzaileak, presidenteak) izan daitezke saridunak.
Sariaren deialdia astearte honetan onartu du Jaurlaritzako gobernu bilerak, eta hautagaitzak aurkezteko epea agindua Euskal Herriko Agintaritzaren Aldizkarian argitaratzen den egunaren biharamunean hasi eta bi hilabetekoa izango da.