Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak 2026ra arte Udaltzaingoak erabiliko dituen arropak eta ekipazioa hornitzeko kontratazio espedientea onartu du. Kontratuaren lizitazio aurrekontua 630.955 eurokoa da, BEZa barne, eta, horren bidez, langileek laneko uniformea, oinetakoak, babes balistikoa eta material osagarriak osatzen dituzten elementu guztiak eskuratuko dituzte.

Kontratu honen bidez, Gasteizko Udaltzaingoko egungo agenteentzako zein etorkizunean taldera sartuko direnentzako jantziak eta ekipoak hornituko dira. Materialen diseinuak Euskadiko udaltzaingoen uniformeen eta kanpoko ikur bereizgarrien eskuliburuan jasota dauden irudi jarraibideak betetzen ditu. Gasteizko Udala 2016an hasi zen gomendio horiek aplikatzen eta irudi berrikuntza hori pixkanaka ezarri da.

Kontratuan jasotzen den horniduraren barruan, polizia lanerako behar diren kaskoak, babes elementuak, uniformea osatzen duten janzkien multzoa eta identifikazio egokia ahalbidetzen duten bereizgarriak eta ikurrak daude.

Bestalde, Tokiko Gobernu Batzordeak FesTValen XVI. edizioaren publizitate arloko babesletza-kontratua Fila 2 Kultur Elkarteari esleitzea onartu du. Horren zenbatekoa 190.000 euro + BEZa izango da.

Elkarteak antolatuko du 2024ko Gasteizko Telebista Jaialdia 2024ko irailaren 2tik 8ra. Hala, proiektu horren bidez, Gasteiz hiria eta tokiko ikus-entzunezkoen sektorea sustatuko ditu, horretarako eduki interesgarriak antolatuz. 

“Beste behin, gure hiriko kultura-agendan sendotuta dagoen ekitaldi hau babestuko dugu. Hain zuzen ere, Gasteiz izena Espainia osoan zehar zabaltzen duen egitasmoa da. Neurri horrekin, bertako ikus-entzunezko sektorearen aldeko gure apustua berretsiko dugu. Izan ere, sektore horrek fidagarritasun handia erakutsi du eta horri balioa eman nahi diogu”, adierazi du Maria Nanclaresek, Ekonomia Sustapen, Enplegu, Merkataritza eta Turismoko zinegotziak.