Basogintzarako Laguntza Planera bideratutako 2024ko deialdia onetsi du astearte honetan Arabako Aldundiko gobernu kontseiluak, Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak eskatuta, eta 1,8 milioi euro baino gehiago banatuko ditu titulartasun publiko edo pribatuko zuhaitz masak kontserbatzeko eta babesteko lanak egiteko. Orotara, 295 eskaera onartu dira.

Foru erakundeko arduradunek jakinarazi duetnez, diru laguntza lerroak hiru jarduera eremu biltzen ditu. Alde batetik, diruz lagunduko dira basotze eta baso kalteak prebenitzeko eta konpontzeko esku hartzeak mendi publikoetan, ingurumen helburuak dituzten baso jarduketak, baso potentziala hobetzeko inbertsioak eta sektorea garatzeko eta modernizatzeko azpiegituretako inbertsioak.

Era berean, mugaketa eta mugarritze lanak ere lagunduko dira, Arabako onura publikoko mendien benetako mugak zehazteko eta markatzeko inbertsioetarako.

Hirugarrenik, deialdia titulartasun pribatuko mendietara ere bideratuta dago. Mendi publikoekin gertatzen den bezala, helburua da bioaniztasuna lehengoratzea eta modu aktiboan kontserbatzea, basoko produktuen lehiakortasuna sustatzea, naturaren hondamendien eta suteen aurrean basoen erresilientzia handitzea eta nekazaritzako paisaia kontserbatzen laguntzea.

Inbertsioekin gauzatuko diren jarduera garrantzitsuenen artean daude basoetan suteek, hondamendi naturalek eta katastrofeek eragindako kalteak konpontzea, suteek, hondamendi naturalek eta katastrofeek eragin ditzaketen kalteak prebenitzea, baso azalerak basotzea eta sortzea, basogintzako teknologietan eta baso produktuen transformazioan, mobilizazioan eta merkaturatzean inbertitzea edo baso potentziala hobetzen inbertitzea.