Síguenos en redes sociales:

Giro eguzkitsua eta tenperatura maximoak nabarmen gora ostegunean

Giro eguzkitsua eta tenperatura maximoak nabarmen gora osteguneanEfe

Euskalmet euskal meteorologia agentziaren iragarpenaren arabera, ostegunean, ekainaren 13an, giroa eguzkitsua izango da eta tenperatura maximoak nabarmen igoko dira. Egunaren hasieran zeruan hodei hondar batzuk agertuko dira oraindik eta barnealdean lainoguneak sortuko dira. Gero zerua hodei gutxirekin egongo da, goi-hodei batzuekin.

Goizean hego-haizea izango da nagusi eta tenperatura maximoek gora egingo dute; 25 gradu ingurukoak izango dira. Eguerdian kostaldean brisa sartuko da eta arratsaldea aurrera joan ahala haizea iparraldera aldatuz joango da barnealdean. Azken orduetan hodeiak ugaritu egingo dira.

Graduei dagokionez, gaur Gasteizen 4 gutxienez eta 26 gehienez egongo dira

Hiriburuetan, Baionan 10 gradu espero dira gutxienez eta 25 gehienez, Bilbon 10 gutxienez eta 28 gehienez, Donostian 9 gutxienez eta 24 gehienez, Gasteizen 4 gutxienez eta 26 gehienez, eta Iruñean 6 gutxienez eta 26 gehienez.

Itsasoan hego-osagaiko haizea ibiliko da, 2-3ko indarrarekin, eguerditik aurrera ipar-osagaira aldatuko da, eta arratsaldeko lehen orduetan ipar-ekialdekoa nagusituko da; itsaso kizkurra edo itsaskirria eragingo du. Ipar/ipar-mendebaldeko hondoko itsasoak 0,5-1 metro arteko olatuak altxatuko ditu. Itsasgorak 10:34an eta 22:51n izango dira, eta itsasbehereak 04:23an eta 16:31n. Uraren tenperatura 18 gradukoa da eta ikuspenba lau eta hamar kilometro artekoa izango da.

Balorazioa

"Ostegunean giroa eguzkitsua eta udaberrikoa izango da. Egunaren hasieran barnealdean lainogune batzuk sortuko dira eta behe-hodeien hondar batzuk agertuko dira oraindik zeruan. Gainerako orduetan, eguzkia jaun eta jabe, baina arratsaldetik aurrera hodeiak ugarituz joango dira. Goizean hego-haizea ibiliko da eta tenperatura maximoak nabarmen igoko dira; 25 ºC ingurukoak izango dira orokorrean, zenbait lekutan altuagoak. Egunaren erdiko orduetan kostaldean brisa ibiliko da, arratsaldean barnealdean ere aldatuko da iparraldera haizea".