Gasteizko ikastetxeetako 2.300 haurrek eta nerabek baino gehiagok parte hartu dute ikasturte honetan zehar 'Aktiba(tu)' parte hartze programaren baitan antolatu diren foroetan.

'Aktiba(tu)' programak 2023-2024 ikasturtea agurtu du asteazken honetan, Gasteizko Udalak Zabalgana gizarte etxean eskainitako harrera ekitaldiarekin. Amaierako saioan, jardueren laburpena eskaini dute eta protagonistek beren esperientziak kontatu dituzte.

Raimundo Ruiz de Escudero Gizarte Politiken zinegotziak eta udal taldeetako ordezkariek eskerrak eman dizkiete harreran izan diren 200dik gora parte hartzaileei, ikasturtean zehar foro ugarietan parte hartu duten 2.300dik gora haur eta nerabeak ordezkatu dituztenak.

"Zuen bizitzen eta, beraz, zuen hezkuntza eta gizarte prozesuaren protagonista izaten jarraitzera animatzen zaituztet. Parte hartzeko eskubidea, adibidez, funtsezkoa da gizarte demokratikoa, askea eta errespetuzkoa izan gaitezen", esan die udal arduradunak ekitaldiaren hasieran.

Jarraian, ikasturtean foroetan eta elkargunean parte hartu duten Paula Montal ikastetxeko DBHko 2. mailako bi ikasleren gidaritzapean, ikasle, irakasle eta ordezkari politikoek osatutako publikoak urte akademikoan egindako jardueren laburpena jasotzen duen bideoa ikusi eta, ondoren, antolatutako jardueretan izandako bizipenen kontakizuna egin dute.

Magiarako eta agur esateko tartea ere izan dira Susana Garcia Elburgoren, Haurtzaro eta Senitarte Zerbitzuko buruaren eskutik. Bere hitzekin, 'Aktiba(tu)' programan parte hartu duten haur eta nerabeen inplikazioa nabarmendu nahi izan du.

Aurten landutako programak askotarikoak izan dira. 'Mikrofonoak piztu' izenekoan, dozena bat ikastetxetako 1.038 parte hartzaile izan dira; 'Hirikoak' ekimenean, zortzi ikastetxetako 478 pertsona; 'Hirikoak-trukea' izenekoan, bost ikastetxetako 243 parte hartzaile; parte hartzeko foroetan, bost kolektibotako 245 parte hartzaile; elkargunean, aldiz, bost ikastetxetako 137 parte hartzaile; Radio Siberian, bost ikastetxe, eta ikasturte amaierako festan, Judimendi eta Angel Ganiveteko 180 haur izan ziren. Jarduera guztietan 2.300 partaidetza baino gehiago izan dira.