Síguenos en redes sociales:

Arabak Bilbora eramango du bere turismo eskaintza, inguruko merkatuetan hazteko

Arabak Bilbora eramango du bere turismo eskaintza, inguruko merkatuetan haztekoUtzitakoa

Arabako Foru Aldundiak gaur eta bihar sustatuko du bere eskaintza turistikoa Bilbon. Horretarako, trailer tematizatu bat erabiliko du, lurraldeko baliabide turistiko garrantzitsuenen irudiekin, eta turismo bulego bat ere jarriko du kalean bertan, duen natura oparoa, ondare aberatsa eta enogastronomia aintzatetsia ezagutarazteko bizkaitarren artean.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Saileko foru diputatu Cristina Gonzalezek azaldu duenez, zuzeneko ekintza hori "geografikoki hurbil dauden lurraldeetan egoteko estrategia baten parte da, hurbileko turismoa erakartzeko helburuarekin. Joan den astean Donostian egon gara, eta uda ostean Valladoliden aurkeztuko dugu helmuga". 

"Arabako turismo sektorerako garrantzitsuak diren beste merkatu batzuetako bidaia agentziei eta komunikabideei ere aurkeztuko diegu aurten helmuga, hala nola Sevilla eta Alacant bezalako merkatuak, Forondarekin aireko konexio zuzena duten bi hiri; bai eta Valentzia ere, zeina baita Arabara bidaiariak igortzen dituen laugarren merkatu autonomikoa", zehaztu du.

Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sailak kanpoko lau merkatu ere landuko ditu: Frantzia eta Portugal, Arabara turistak igortzen dituzten atzerriko bi merkatu nagusiak, eta Italia eta Belgika, zeinak hegazkin bidez konektatuta baitaude Gasteizekin. Besteak beste, aurkezpen profesional bat egingo da Tolosa hirian, eta press-trip bana egingo da Frantziako eta Portugalgo komunikabideekin.

Guztira, 151.000 pertsonak bisitatu dute Arabako Lurralde Historikoa 2024ko urtarriletik apirilera, eta 342.000 gau baino gehiago kontratatu dituzte hotel, nekazaritza turismo eta apartamentuetan, hau da, 2023ko aldi berean baino % 3 eta % 10 gehiago, hurrenez hurren. Batez besteko egonaldia lehenengo lauhilekoan 2,3 egunekoa izan da, duela urtebete baino % 6 gehiago.