Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak 249 lanpostuko hiru lan eskaintza publiko onartu ditu. 14 lanpostu desgaitasun intelektuala duten pertsonentzat izango dira, eta modu esklusiboan haientzat egingo den deialdi bidez eskainiko dira.

Maider Etxebarria alkateak eman du prozesuaren berri. "Argi eta garbi erakutsi du gobernu honek interesa duela udal enpleguari egonkortasuna emateko, bitarteko enpleguari aurre eginez, eta belaunaldien arteko erreleboa bultzatu nahi duela, udal langileen artean profesional berriak sartuta, ziur bainago ezagutza handia ekarriko diotela erakundeari eta horrek herritarren beharrei erantzuten lagunduko digula", azaldu du.

Gasteizko Udalak onartutako lehen eskaintzak 82 lanpostu ditu: 51 txanda irekikoak dira, 26 barne promoziokoak eta 5 desgaitasuna dutenei zuzendutakoak. Guztira, 32 profil profesionaletako lanpostuak dira, mantentze lanetako ofizial espezialista (13), erizaintzako zainketa osagarrietako teknikaria (13), jarduera soziokulturaletako erdi mailako teknikaria (7), administraria (7) eta hezitzailea (5) izanik ugarienak.

Horrez gain, 153 lanpostuko beste eskaintza bat onartu da. Horietatik 121 txanda librekoak dira, 25 barne promoziokoak eta 7 desgaitasuna dutenei zuzendutakoak. Kasu honetan, suhiltzailea, garbitzailea eta mantentze lanetako ofizial espezialista (23na), erizaintzako zainketa osagarrietako teknikaria (8) eta informazio eta kontrol agentea (8) dira eskaintza handiena duten profilak.

Etxebarriak lan eskaintza horien xehetasun "oso garrantzitsu bat" nabarmendu nahi izan du, hau da, administrazioan aldez aurretik izandako esperientzia jada ez dela "erabakigarria" izango lanpostu bat eskuratzeko orduan.

Azaldu duenez, behin-behinekotasun tasa legeak ezartzen duen mailara jaitsi ondoren, aurrerantzean gehiago hartuko dira kontuan hautagaien "gaitasuna eta merezimenduak" eta, beraz, herritarrek erraztasun gehiago izango dituzte udal administrazioan lan bat egiteko. "Udaleko ateak jende gazte gehiagori, talentu gehiagori, emakume gehiagori eta enplegu inklusiboari irekitzen ari gara", gaineratu du.