Arabako Foru Aldundiak bat egin du Bizikleta erabiltzeari buruzko Europako Adierazpenarekin; izan ere, gaur, astelehena, ekainak 3, Bizikletaren Munduko Eguna ere bada. Horrela, hitzematen du lanean jarraituko dutela Arabako herritarrek lantokietara, ikastetxeetara eta aisiara ohiko joan-etorriak egiteko garraiobide "jasangarri eta osasungarri" gisa erabil dezatela sustatzeko. 

Hartara, eta Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak proposatuta, Foru Aldundiak aitortzen du bizikleta erabiltzea dela "garraiobide eta aisialdi modu jasangarrienetakoa, irisgarrienetakoa eta inklusiboenetakoa, kostu txikikoa eta osasuntsuenetakoa", garraiobide funtsezkoa "mugikortasunaren deskarbonizazioan aurrera egiteko eta lurralde osasungarriagoak lortzeko", eta garrantzitsua da Europako eta tokiko gizarte eta ekonomiarentzat.

Horregatik guztiagatik, Gobernu Kontseiluak hitzematen du lanean jarraituko duela "bizikleta sare seguru eta koherenteak lortzeko", "garraio publikoarekiko intermodalitate handiagoa" sustatzeko eta bizikletaren arloan bide prestakuntza segurua sustatzeko, Europako Adierazpenean proposatutako beste jarduketa batzuen artean. 

Hain zuzen ere, bizikletaren erabilera seguruari buruz sentsibilizatzeko, Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak liburuxka bat bidali die Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza (DBH) ematen duten Arabako ikastetxe guztiei, DBHko lehenengo mailako ikasleentzat. Liburuxka horretan, bizikletaren zirkulazioari buruzko oinarrizko arauei eta bizikleta erabiltzeak ingurumenean eta osasunean dituen onurei buruzko funtsezko informazioa jasotzen da. 

Ekintza hori 2023an egindako kanpainakoei erantsi zaie; izan ere, sei informazio ekitaldi eta ekitaldi ludiko egin ziren, kuadrilla bakoitzeko bana, Arabako etorkizuneko Bizikleta Bideen Sareari buruzko informazioa emateko eta haurrak eta helduak bizikletaren erabileraren onurez eta bizikleta modu seguruan erabiltzearen beharraz kontzientziatzeko. Ekitaldi bakoitzean, mekanikari buruzko hitzaldiak, txikienentzako pintura lantegia, bizikleta ginkana eta bizikleta elektrikoen proba ere egin ziren.

Ekintza horiek 2022an onetsitako Bizikletaren Estrategiaren barruan sartzen dira. Estrategia horrek, besteak beste, datozen urteetan bizikleta bideen sare bat sortzea jasotzen du, "bizikletaren erabilera sustatzeko, lantoki eta ikastetxeetara joan eta haietatik etortzeko ibilbide laburreko garraiobide gisa". Sare hori hamar bizikleta bide berrik osatuko dute, eta Dura eta Arroiabe artean dagoenari gehituko zaizkio, sei milioi euro inguruko inbertsioarekin.

Proiektu honek Feder funtsen finantzaketa du

Mugikortasun Jasangarriaren eta Bide Azpiegituren Sailak aurreikusten du aurten lizitatuko duela "Gasteizko bizikleta bidea/Arabako Parke Teknologikoa" obra gauzatzea, modu seguruan lotzeko Arabako hiriburua eta enpresa eremu bat non 3.500 pertsona baino gehiagok lan egiten baitute. Ibilbidea Gamarratik abiatuko da, 5,5 kilometroko luzeran, eta N-240 errepidearekiko paraleloan joango da, bereizia, ezkerraldetik, Miñaorako noranzkoan. 

Bizikleta ibilbide horrek LED argiztapen sistema bat izango du, errazago erabiltzeko argi naturalik gabeko orduetan, urte osoan erabili ahal izateko eta segurtasuna eskaintzeko genero ikuspegiaren aldetik. Sistema horrek erabiltzaileen presentzia detektatzeko teknologia izango du, halako moldez non txirrindulariak igarotzen direnean baino ez baita aktibatuko, eta, horrela, energia eraginkortasunik handiena lortuko da. 

Bizikletaren Estrategiak sare bat definitzen du, guztira 11 bizikleta bidek osatua: lehendik dagoen bat, Dura eta Arroiabe lotzen dituena, eta hamar eraiki berriak: Gasteiz/Arabako Parke Teknologikoa, Gasteiz/Langraiz Oka, Guardia/Eltziego, Urbina/Legutio, Gasteiz/Etxabarri Dibiña, Dulantzi/Burgelu, Amurrio/Murgako industrialdea, Ribabellosa/Miranda de Ebro, Bastida/Haro eta Oion/Logroño. 

Kasu guztietan, 6 kilometrotik beherako luzera duten bizikleta bideak dira, eta desnibel txikia dute, bizikleta tradizionalean edo elektrikoan egunero ibiltzeko egokiak. Guztira, 38 kilometro inguru dira.