Gizarte Ongizaterako Foru Erakundeak (GOFE), zeina baita Arabako Foru Aldundiko Gizarte Politiken Sailari atxikitako erakunde autonomoa, 762.000 euro bideratu zituen iaz lurraldeko gizarte zerbitzuen eremuko entitateentzat. Hain zuzen ere, irabazteko xederik gabeko 81 entitatek eta fundaziok laguntza izendunak eta dirulaguntzak jaso zituzten 2023an onetsitako laguntza deialdien barruan, haiek mantentzen eta ekipatzen eta prestakuntza, programak eta jarduerak egiten laguntzeko.
Deialdi horien funtsezko xedea da elkarteen sarearekin lankidetzan aritzea, Arabako Lurralde Historikoan bizi diren eta gizarte zerbitzuen lehentasunezko helburu diren pertsonen bizi kalitatea hobetzeko, eta komunitate bizitzan parte har dezaten eta guztiz integra daitezen laguntzeko.
Laguntza horiek elkarte, fundazio eta irabazteko xederik gabeko entitateentzat dira, hain zuzen ere, landa inguruneetako adinekoen, dibertsitate funtzionala duten pertsonen eta babesgabetasun egoeran dauden adingabeen eta haien familien gizarte sustapenerako programak eta jarduerak gauzatzen dituztenentzat. Esku hartze sozialaren jarduera eremuko beste jarduera batzuk ere sartzen dira; zehazki, gizarte zailtasunean edo bazterkerian dauden pertsonen sustapen soziala eta genero indarkeriaren aurkako prebentzioa.
Programa eta jarduerak garatzeko laguntzak
Horrela, programa eta jarduerak garatzeko laguntzak, beraz, kolektibo horien parte hartze soziala, ongizatea eta formazioa sustatzeko dira; laguntza sareak sortzea sustatu eta lagunduko duten programak bultzatzeko; gizonen eta emakumeen arteko berdintasuna eta erantzunkidetasuna sustatzen dituzten jarduerak bultzatzeko; adineko emakumeen, desgaitasunen bat dutenen eta gizarteratzeko zailtasun bereziak dituztenen aurkako indarkeria matxistaren aurka esku hartzeko. Beste helburu batzuk dira nahi ez den bakardadearen prebentzioa egitea, adingabeen harrera eta adopzioan sustapena egitea eta laguntza ematea, eta sentsibilizazioa egitea haurren aurkako tratu txarrak prebenitzeko, besteak beste.
Laguntzen bidez, halaber, irabazteko xederik gabeko entitateak mantendu eta langileak ordaintzen dira, bai eta gizarte lokalak birgaitu eta egokitu, eta haien jarduera eta programa sozialak garatzeko behar duten ekipamenduz hornitu ere.
Azkenik, gizarte zerbitzuekin lotutako prestakuntza jarduerak, ikastaroak, jardunaldiak, biltzarrak eta mintegiak antolatuz, baliabideak ematen zaizkie eraginpeko pertsonak, senideak, profesionalak eta, oro har, gizartea laguntzen xede diren kolektiboen errealitateaz sentsibilizatu eta informatu nahi duten entitateei ere, bai eta bizi kalitatea hobetzeko dauden gizarte eta irisgarritasun neurriak zabaldu ere.