Gasteizko Udaleko gobernu batzordeak 1428tik 1510era bitarteko udal aktak digitalizatzeko eta aztertzeko Euskal Herriko Unibertsitatearekin (EHU) hitzarmena formalizatzea onartu du ostiral honetan, eta 10.000 euroko laguntza emango du proiekturako.
Gasteizko udalak jakinarazi duenez, Kultura eta Hezkuntza Sailean txertatuta dagoen Pilar Arostegui Udal Artxiboak jasotzen, antolatzen, deskribatzen, gordetzen eta hedatzen du 1181etik gaur arte udal jarduerarekin lotuta Gasteizko Udalak edo beste erakunde batzuek sortutako dokumentazioa.
Antzinatasuna eta hiriaren historiarako duen garrantzia direla eta, 1428-1429 eta 1479tik gaur arterako aldiak jasotzen dituzten udal akten liburuak nabarmentzen dira.
Dokumentazio horrekiko interesa dela eta, EHUk lankidetza hitzarmena ezarri du Jaurlaritzaren baitako Gizartea, Boterea eta Kultura Ikerketa Taldeak 1428 eta 1510 arteko Gasteizko udal aktak editatzeko eta aztertzeko lan plana egin dezan. 'Estudio y edición crítica de las Actas Municipales de Vitoria-Gasteiz entre 1428 y 1510. Nuevos datos y perspectivas de análisis para la historia de la ciudad de Vitoria y la provincia de Álava' izango da peoiektuaren izenburua.
Bestalde, Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) bere tomografo konputarizatua aurkeztuko du datorren astelehenean, maiatzaren 20an, Leioako campuseko Martina Casiano eraikinean. Ekipo berritzaile horri esker, hainbat ikuspegitatik lortutako objektu baten erradiografia ugari egin daitezke, eta erradiografia horiek, behin mihiztatuta, objektuaren hiru dimentsioko irudi bat ematen dute.
Horrez gain, EHUko iturriek jakinarazi dutenez, tomografoaren beste ezaugarri nagusietako bat da mikra erdiko handitzeak lortu ahal duela, eta horrek Espainiako Estatuan tresna bakar bihurtzen du. Era berean, gailuak objektu baten barruko X izpien bidez irudiak lortzeko aukera ematen du.
Beraz, teknika ez-inbaditzaile bat da, aukera ematen duena grafikoki behatu eta sekzionatzeko objektu baten barnealdea hura zatitu behar izan gabe.