Gasteizko Udalak hiriko semaforo guztiek etorkizunean azken belaunaldiko ohartarazle akustikoak izatea nahi du, eta 'passblue' izeneko teknologia orokortzea du helburu. Horrek ekarriko hiriko 1.034 gunetan lan egitea, eta horretarako Europako finantzaketa eskatu du Gasteizko Udalak.

"Irisgarritasun, erosotasun eta segurtasun handiagoa. Oinarri horiek kontuan hartuta ari da udala lanean hiriko semaforo instalazioak hobetzen jarraitzeko. Lan hori, gainera, ikusmen murriztuaren arloan lan egiten duten elkarteen eta beste kolektibo batzuen eskutik egiten dugu, haien eskaerei erantzunez. Horrela, herritar guztientzako baliagarriak diren semaforoak lortuko ditugu, irisgarritasun unibertsala eskaintzen dutenak", adierazi du Iñaki Gurtubai Gasteizko Udaleko Segurtasun eta Trafiko zinegotziak.

Gaur egun, hirian passblue ohartarazleak dituzten oinezkoentzako 203 pasabide daude.

Horrela, gaur egun, hirian passblue ohartarazleak dituzten oinezkoentzako 203 pasabide daude, pasagunearen mutur bakoitzean bana; beste 349 pasabidek ohartarazle normalak dituzte, eta 168k, berriz, ez dute ohartarazle akustikorik.

Duela gutxira arte erabili izan den ohiko ohartarazle akustikoa elementu independentea da, semaforoaren goialdean instalatua, eta etengabe entzuten da oinezkoen adierazlea fase berdean dagoen bitartean. Semaforoaren ziklo berde guztietan egiten du eta, ondorioz, zaratak inguruko bizilagunei eragozpenak eragiten dizkie.

'Passblue' ohartarazle akustikoak arazo hori konpontzen du automatikoki bluetooth bidez komunikatzen delako sakelako telefono adimendunekin edo aginte espezifiko baten bidez. Hori dela eta, seinale akustikoak kasu horietan bakarrik funtzionatzen du.

Gainera, ohartarazle berriek maiztasun tonu desberdinak dituzte joan-etorria errazteko: oinezkoentzako pasagunera hurbiltzeko eta bertan kokatzeko orientazio tonu bat du, gurutzatzen hasteko beste bat, eta ziklo berdearen amaiera iragartzen duen beste bat. Era berean, 'passblue' ohartarazleak TMA/851/2021 ministro agindua betetzen du; agindu horrek finkatzen ditu espazio publiko urbanizatuetara iristeko eta horiek erabiltzeko irisgarritasuneko eta diskriminaziorik ezako baldintzak.

Semaforoen irisgarritasunarekin lotuta aurreikusitako beste hobekuntza bat sakagailuei dagokiena da. Gaur egun dauden gehienak ez dira guztiz irisgarriak semaforo zutabean kokatuta daudelako, eta horrek, besteak beste, hemiplejia dutenek erabili ahal izatea zailtzen du. 'Passblue' teknologia erabilita, ordea, sakagailua urrunetik aktiba daiteke, aginte edo bluetooth bidez. Gaur egun, urruneko aktibazioa hiriko 238 tokitan instalatzea falta da.