Gaurtik aurrera (asteazkena, hilak 10) erakusketa bat egingo da Gasteizko hainbat gizarte etxetan, Arabako Foru Aldundiaren tutoretzapean edo zaintzapean dauden eta premia edo zirkunstantzia bereziak dituzten haur eta nerabeak ikusarazteko, familia harrera espezializatua behar baitute familia ingurunean bizi ahal izateko eta kalte emozionalak konpontzen laguntzeko.

"Armadura emozionalak - Inork ez luke armadura batekin hazi beharko" du izena erakusketak, eta joan den martxoan egon zen ikusgai Loma Jeneralaren plazan.Erakusketak haurrak babesteko sisteman dauden haur askoren errealitatea erakusten du; izan ere, traumatik eta sufrimendutik babesteko, gutxiago sufritzen laguntzen dieten "armadura emozionalekin" bizitzen ikasten dute, eta ez pentsatzen eta ez sentitzen saiatzen dira.

Horren aurrean, familia espezializatu batzuek armadura horiek desmuntatzen lagun dezakete, haurtzaro oso bat bizi ahal izateko. Kanpainarekin, neska-mutil horien bizitza aldatzen lagun dezaketen harrera familia espezializatuak bilatzen dira.

Erakusketa toki hauetan egongo da ikusgai, 10:00etatik 20:00etara:

Pilar gizarte etxea: urtarrilaren 10etik 12ra

Iparralde gizarte etxea: otsailaren 5etik 7ra

Salburua gizarte etxea: otsailaren 20tik 22ra

Armadura horiek haurren eskura dauden egunerokotasuneko materialez osatuta daude, eta Jota Chacón arte zuzendari ospetsuak diseinatu ditu. Chacón ezaguna da, besteak beste, "Hable con ella", "Los pasos perdidos" eta "Piedras" filmetan arte zuzendaritza lana egiteagatik.

Kanpaina osasun arloko, gizarte eta komunitateko edo gizarte eta hezkuntza arloko profesionalei zuzenduta dago, hain zuzen eginkizun horietan esperientzia praktikoa dutenei eta onbideratzeko proiektu bat gauzatzeko gai direnei.

Ekimen hori Redes AFEk eta Prestakuntza Bereziko Familia Harrera Espezializatuko Programak sustatzen dute, Next Generation funts europarrekin finantzatuta dago, eta Arabako Foru Aldundiak eta Gasteizko Udalak parte hartzen dute.