Fernando Rey Escalera eta Patxi Zubizarreta itzultzaileek lortu dituzte haur eta gazte literaturako euskarazko itzulpen onenen ‘Vitoria-Gasteiz’ sariak. Sariek 20 urte bete dituzte aurten, eta Udalaren Euskara Zerbitzuak antolatzen ditu.

Fernando Rey Escalerak haur literaturaren kategorian lortu du saria, Eloy Morenoren `Cuentos para entender el mundo 2´ lanaren itzulpenagatik, eta Patxi Zubizarreta gazte literaturaren kategorian izan da saritua, Marcos S. Calveiroren `El cartero de Bagdad´ lanaren itzulpenagatik. Bi itzultzaileek 9.000 euroko saria jasoko dute.

María Nanclares Euskara zinegotziak sariketan izandako parte hartzea eskertu du, eta gogorarazi du itzulpen sarien helburua dela “itzultzaileen lana aitortzea eta euskarazko sorkuntza eta literatura sustatzea”.

Aurtengo edizioan 16 lan aurkeztu dira, horietako 13 haur literaturaren kategorian. Epaimahaia Karlos del Olmok, Ainara Ruizek, Itziar de Blasek, Miren Ibarluzeak eta Karlos Zabalak osatu dute. Irabazleei diplomak emateko ekitaldia Montehermoso Kulturunean izango da, abenduaren 1ean.

 Ospatzeko ekitaldiak

Gasteizko Udalak hogei bat ekitaldi programatu ditu abenduaren 3an ospatuko den Euskararen Nazioarteko Egunaren inguruan. Programazioa elkarlanean antolatu dute gizarte etxeen sareak, Udal liburutegien sareak, Principal Antzokiak eta Euskara Zerbitzuak. Gainera, hiriko eragile euskaltzaleen laguntza izan du, besteak beste Geu Elkartearena, Zabalganeko ZET euskara taldearena eta Mendibea Zabalganeko guraso elkartearena.

Aurreikusitako ekitaldien artean, abenduaren 1ean udalbatzaren ordezkariek euskararen aldeko adierazpen instituzionala irakurriko dute Montehermoso Jauregian; ondoren, itzulpen onenen sariak banatuko dira bertan.

Abenduaren 3an, Euskararen Nazioarteko Egunean, kale-antzerkia izango da Landatxo kiroldegian, eta ondoren kalejira egingo da Andre Maria Zuriaren plazaraino; han kandelak piztuko dira.