Gasteizko Iradier Arenan egingo da bihartik igandera bitarte BioArabaren VIII. edizioa. Horixe da produktu ekologikoen, bizimodu osasungarriaren eta kontsumo arduratsuaren Arabako azoka handiena. Aurtengo berritasun gisa, nabarmen handitu da kosmetika ekologikoarekin, ehun-gai jasangarriekin eta artisautzarekin lotuta lan egiten duten enpresen presentzia. Izan ere, azokan horretan jarduten duten tokiko 6 enpresa izango dira.
“Bioaraba gure hiriko egutegian ezinbesteko azoka bihurtu da eta udazkenero iristen da. Ingurumenarekiko errespetu gorenarekin kalitatezko produktuak eskuratzeko aukera paregabea da”, adierazi du Ekonomia Sustapena, Enplegua, Merkataritza eta Turismoaren zinegotziak, Maria Nanclaresek, udaletxean gaur goizean ekimena aurkezteko egindako prentsaurrekoan. Bertan izan dira, gainera, Jasangarritasuna, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko foru-diputatua, Amaia Barredo; eta BioAraba aretoko arduraduna, Iker Knörr.
“BioArabaren helburua da ingurumenarekiko begirunetsuagoa eta osasungarriagoa den bizimodua bultzatzen duten zerbitzu eta produktuak erakustea”, azaldu du Iker Knörrek.
BioAraba bihurtu da Estatuko iparraldean produktu ekologikoen eta jasangarrien erakusketarako ezinbesteko hitzorduetako bat. Hori agerian utzi du azken edizioak izandako partaidetza handiak (15.000 pertsona baino gehiago bildu ziren bertan). Egitasmoa librea izango da eta publiko guztiei zabalik egongo da. 75 enpresa eta erakusketari izango dira bertan.
BioArabak baieztatu duenez, hainbat sektorerekin lotutako enpresak bilduko dira aurten: elikadura, bioeraikuntza, energia berriztagarriak, bidezko merkataritza edo artisautza, kosmetika ekologikoa eta ehun-gai jasangarriak. Hain zuzen ere, azken sektore horien presentzia nabarmen handitu da aurtengo edizioan.
Hitzordua erakusketarien, ekoizleen, merkatarien, banatzaileen, bisitari profesionalen, produktu ekologikoen kontsumitzaileen, erakundeen, elkarteen eta publiko orokorraren arteko topagunea izango da.
Hala, erakusketak elikadura osasungarriarekin eta ekologikoarekin lotutako hainbat alternatiba, komunitate autonomo ugaritatik iritsitakoak, bilduko ditu Gasteizko Iradier Arena erabilera anitzeko barrutian. BioArabaren eskaintza ekologikoak produktu hauek guztiak bilduko ditu (besteak beste): baratzeko produktuak, esnekiak, olioa, arrautzak, perretxikoak, gozoak, ogiak, kontserbak, taloak, marmeladak, eztia, garagardoa, sagardoa, ardoa, turroia, txokolatea, produktu dietetikoak edo te eta infusioak.
Tokiko eskaintzaren buru Euskadiko Nekazaritza eta Elikadura Ekologikoaren Kontseilua (EKOLURRA) izango da. Gainera, Arabako ekoizleen standak ere izango dira: Artepan, Miguel Ángel López de Vicuña, Atxineta Baserria eta Berarte ardo ekologikoak.