Gasteizko Emisio Gutxiko Eremuaren (EGE) funtzionamendu-modua definitzea ahalbidetuko duen partaidetza-prozesua asteartean jarriko da abian mugikortasun arloko kolektiboei, bizilagunen ordezkariei eta beste gizarte-eragile batzuei zuzendutako informazio-saioarekin. Lantalde ugari, ekarpenak jasotzeko dinamikak eta dinamizaziorako eta ondorioak ateratzeko azken topaketa bat jasotzen dituen ibilbide-orri horren lehen mugarria izango da. Hortik abiatuta, adostasuna oinarritzat hartuta, etorkizuneko mugatutako zirkulazio eremua arautuko duten baldintzak itunduko dituzte.
Prozesu parte-hartzaile hori da, hain zuzen ere, EGE ezarri aurreko eskakizunetako bat. Bertan erabakitakoa, gero, ordenantza arautzailean txertatuko da. Aldi berean, zonaldera ibilgailuak sartzea kontrolatzeaz arduratuko liratekeen kamerak lizitatzeko azken izapidetze-lanak egiten ari dira, hori izango baita sistemaren oinarrietako bat. EGEko sarrera-puntu guztietan hogei gailu inguru jarriko dira eta funtzio bakarra izango dute: Sartzen diren ibilgailuen matrikulak identifikatzea eta horretarako baimena dutela egiaztatzea.
EGE ezartzeko eremuak Erdi Ardoko hirigunea eta Zabalgunearen zati bat bilduko ditu, kale hauetan: Bake kalea, Ortiz de Zarate, Florida, Ramon y Cajal, Louis Heintz, Magdalena, Vicente Goikoetxea eta Zerkabarren. Kaleak oinezkoentzat bihurtzeko Udalaren politikak aurretik ere mugitu izan du bi gune horietako zirkulazioa. Emisio Gutxiko Eremuaren lehen fasea martxan jarri ostean, definitutako perimetro barruan igarobideko zirkulazioa desagerraraztea eta egoiliarrei lehentasuna ematea izango da.
Horretarako, sistema berria pixkanaka barneratzen joango direla espero da. “Emisio Gutxiko Eremuaren helburua ez da zigorrak jartzea. Herritarrak aldaketara egoki daitezen epea egongo da. Hala, etengabe emango da informazioa eta sartzeko baldintzak betetzen ez diren kasuetan, ohartarazi egingo da”, azaldu du Segurtasun eta Trafikoaren zinegotziak, Iñaki Gurtubaik. Lehen fase honetan, ez dira beharrezkoak izango ingurumeneko bereizgarri ezagunak (urdina, eko, berdea eta horia) EGEn zer ibilgailuk zirkula dezaketen zehazteko eta, lau urte geroago, egoera monitorizatuko da hartutako neurrietatik eratorrita airearen kalitatean hobekuntzarik gertatu den egiaztatzeko.
EGEren bigarren fasea 2027rako aurrez ikusi da eta hiru aldaketa handi ekarriko ditu:
- Zirkulazioko murrizketa-perimetroa aldatu eta beste kale hauetara zabalduko da: Ramiro Maeztu, Domingo Beltran eta Koroatzea.
- Orduan, ibilgailuen zirkulazioko murrizketak ingurumeneko bereizgarriaren arabera finkatuko dira. Gainera, salbuespenak ezarriko dira ibilgailuaren titularren errentaren arabera eta erretirotik gertu dauden gremioetako profesionalei zuzenduta.
- Era berean, ingurumeneko TAO aktibatuko da (gainazalean aparkatzeko ordaindu beharreko sistema berrituko da). Horren arabera, ibilgailuek emisio mailaren arabera ordaindu beharko dituzte tarifak. Gainera, TAO eremua zabaltzeko aukera jaso da.
Emisio Baxuko Eremuaren hirugarren fasea 2030ean iritsiko da eta, kasu horretan, ibilgailuen joan-etorriaren murrizketa handiagoa egingo da haien ingurumen-bereizgarrien (2. fasean zehaztutako salbuespenak kontuan hartuta) arabera. Gainera, ingurumeneko TAO zabalduko da berriro.