'Ikusten duzuna baino askoz gehiago dago' hondakinei buruzko sentsibilizazio kanpainak jardunbide egokiak sustatzeko erronka proposatu die 10 ikastetxeri
Foru Aldundia buru duen eta Egibiderekin eta Har Eman elkartearekin lankidetzan gauzatzen den proiektuaren hirugarren edizioa bi helbururi eutsiz hasi da: hondakinen kudeaketari buruz sentsibilizatzea, eta, aldi berean, desgaitasun intelektuala duten pertsonek gizartea kontzientziatzeko duten ahalmena erakustea
Aurreko bi urteetan ekimenak izan zuen arrakastaren ondoren, Arabako Foru Aldundiak, Egibiderekin eta Har Eman elkartearekin batera, abian ipiniko du berriz ere Ikusten duzuna baino askoz gehiago dago kanpaina, hondakinen kudeaketari buruz sentsibilizatzeko. Aurten ere kanpaina eskola ingurunean izango da, baina berrikuntza bat izango du: formatu lehiakorragoa. Izan ere, erronka proposatuko die zenbait ikastetxeri: hondakinak kudeatzeko proiektuak ezarriz lehiatuko dira, eta sari erakargarria irabazteko aukera izango dute.
Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Sailak bultzatutako ekimen honetan, Gizarte Politiken Sailak ere laguntzen du, eta, hala, lurraldean beharrezkoa den ohitura aldaketa indartzeko lanean jarraitzen du. "Gero eta sentsibilizazio handiagoa dago, baina hobetzeko tarte handia dago oraindik gaikako bilketaren helburuak lortzeko. Erosketa eta kontsumo ohiturak aldatu behar ditugu eta hondakinen sorrera murrizteko ekintzak gauzatu. Denok egin behar dugu zer edo zer gure aldetik, garrantzitsuak baikara gure planetarekiko errespetu handiagoko portaera bateranzko trantsizioa egiteko", adierazi du aurkezpenean Jasangarritasun, Nekazaritza eta Natura Ingurunearen Saileko diputatu Amaia Barredok.
Aurreko edizioetan bezala, adimen desgaitasuna duten pertsonak dira proiektuaren protagonista. Bost laguneko talde batek helaraziko ditu kanpainaren mezu nagusiak, ingurumeneko teknikarien eta Egibideko ikasleen eskutik prestakuntza eta orientazio jaso ostean. Kanpainak, Ikusten duzuna baino askoz gehiago dago: eskola erronka Araban lelopean, gazteenak hezi nahi ditu hondakinak ondo kudeatzearen garrantziaren inguruan, betiere funtsezko hiru gakoren inguruan: murriztea, berrerabiltzea eta bereiztea.
Gorka Urtaran Gizarte Politiken Saileko diputatuak proiektuaren bigarren helburu bat nabarmendu du: "Oso garrantzitsua da desgaitasun intelektuala duten pertsonen potentzialari balioa ematea, eta gure gizarteari ekarpenak egiteko gai diren eragile aktibo gisa ikusaraztea", adierazi die ikastetxeei mezuak helaraziko dizkieten Gizarte Ongizaterako Foru Erakundearen Arbulo, Adurtza, Helios eta Arriaga zentro okupazionalen erabiltzaileei.
Ekimena azaroaren 2an hasiko da, eta otsailaren amaierara arte iraungo du. Lurraldeko hamar ikastetxek hartuko dute parte, Araia, Etxaurren (Aiara), Bastida, Maeztu, Langraiz, Ondategi eta Gasteizen.
Proiektuaren lehen zatian, azaroan, prestatzaile taldeak hezkuntza tailer bat egingo du ikastetxe bakoitzean. Saio horretan, hondakinen sorrera kontrolatzearen garrantziaz sentsibilizatzen eta hezten ahaleginduko dira. Hainbat jardueraren bidez, hiru gakoak praktikan jartzen irakatsiko diete ikasleei, murrizketa ardatz nagusi eta lehen ardatz gisa hartuta.
Lehen saio horren ondoren, ikastetxe bakoitzak, prestatzaile taldeak zuzendutako online tutoretzen bidez, jardunbide egokien eskuliburu espezifiko bat garatu beharko du ikastetxerako, eta ikastetxeak garatutako proiektu bat gauzatu, ikastetxeko hondakinen kudeaketaren ratioak hobetzen laguntzeko.
Xabier López de Santiago Egibideko arduradunak nabarmendu duenez, "Lanbide Heziketako Ingurumen Hezkuntza eta Kontroleko eta Gizarteratzeko zikloetako irakasleek eta ikasleek hartuko dute parte proiektuan, eta aukera bikaina eskaintzen die testuinguru erreal batean beren lanbide profilaren funtsezko gaitasun batzuen garapenari aurre egiteko", eta honako hau gaineratu du: "modu aktiboan lan egiteko aukera ere ematen die, gizarte jasangarriago baten alde eta pertsona guztien laneratzea ahalbidetuko duen gizarte baten alde".
Proiektuak gauzatu ondoren, ikastetxeek urtarrilaren 31ra arte izango dute horiek aurkezteko eta eragindako inpaktua dokumentatzeko. Kanpainan parte hartzen duten eragile guztien ordezkariek osatutako epaimahai bat arduratuko da hiru proiektu esanguratsuenak aukeratzeaz. Proiektu horiek otsailaren 19an Europa Biltzar Jauregian egingo den amaiera ekitaldian aurkeztuko dituzte.
Jardunaldi ludikoa izango da, eta ikastetxe irabazlea iragarriko dute. Ikasle irabazleek asteburu bat pasatu ahal izango dute maiatzean Zuhatza uhartean, dena doan: ostatua, jatorduak eta uretako jarduerak.
Kanpainaren ikuspegi berri horrekin, aipatutako helburuak lortzeaz gain, Arabako Foru Aldundiak eta parte hartzen duten gainerako eragileek erreferentziazko eta jardunbide egokien ereduak sustatu nahi dituzte, lurraldeko edozein zentrotara estrapolagarriak eta eskalagarriak izan daitezkeenak.
Temas
Más en Araba
-
Bazterkeria-egoeran pertsonentzako gizarte- eta hezkuntza-programak profesionalen kopurua handitu du, egungo beharrei baldintza hobeetan aurre egiteko
-
Laudio puede votar por su cartel de San Roke favorito
-
Ayala presenta sus necesidades respecto a la polémica carretera A-3641
-
Seis colectivos llaman a la manifestación del Orgullo LGTBIQ+ en Vitoria